Zabalik da Durangoko Azokarako proposamenak aurkezteko epea
Kultura
59. Durangoko Azokarako prestaketak hasi dituzte Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetako arduradunek. Abenduaren 5etik 8ra bitartean ekintzaz josirik egongo dira espazio horiek, euskal kulturaren erakusleiho bihurtzeko. Irailaren 16tik urriaren 7ra bitartean egitaraua osatzeko proposamenak egin ahalko dituzte sortzaile, argitaletxe eta disketxeek. Horretarako, webgune honetan erregistratu beharko dute ekarpena.
Ahotsenea gunearen kasuan, orain arteko hautaketa prozesua moldatu egingo da aurten. Proposamenak heltzeko ordena ez da arau izango, eta epearen barruan aurkeztuko diren eskari guztiak baloratuko dira. Gero, antolakuntzaren irizpideen arabera galbahea eginda esleituko da lekua, gainerako guneetan bezala.
Abenduaren 5ean izango da Ikasle Goiza,bertaratu gura duten ikastetxeek ere webgunean izena emateko aukera izango dute astelehenean hasita. Azoka bisitatzeaz aparte, tailerretan parte hartu ahal izango dute ikasleek zein irakasleek. Horrela, kultur sorkuntza ezagutu bakarrik ez, esperimentatu ere egingo dute. Goiz horretako egitaraua ikasle eta irakasleei zuzendurik egongo da, baina Landako Guneko ateak publiko orokorrarentzat zabalik egongo dira.
Azoka aurretik, aurten ere martxan egongo da PortaDA erronka, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortzea, horixe dute erronka. Eta, ikastetxe onenentzat saria egongo da: Musika eskoletan programako saio bat. Azaroaren 29a baino lehen bidali beharko dituzte irudiak, ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora.