Israelek 18 urteetako erasorik hilgarriena abiatu du Libanon
Mundua
Milaka familia Libano hegoaldetik eta ekialdetik ihes egin behar izaten ari dira. Horrek, Sidon hirirako sarbidean, auto-ilara handiak sortu ditu. Ihesaldiaren erdian, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bideo bat zabaldu du eta Libanoko herritarrei "arrisku eremutik" urruntzea eskatu die.
Bonbardaketek ez dute etenik, 500 pertsona inguru hil ditu Israelek; tartean 35 haur eta 58 emakume, eta beste 1.600 baino gehiago zauritu. 345.000 haur libanoar inguru arriskuan daudela ohartarazi du Save the Childrenek.
Palestinako Gobernuak Israelek Libanoren aurka egindako bonbardaketak gaitzetsi ditu; "gerraren zirkulua zabaltzeko eta eskualde osoa leherrarazteko erasoa" dela adierazi du. NBEk Libanon duen bake misioak ohartarazi duenez, Israelen bonbardaketak "ez dira soilik nazioarteko zuzenbidearen urraketak, gerra krimenak ere izan daitezke".
Palestinari elkartasuna adierazteko manifestazioa deitu dute urriaren 5erako, Bilbon eta Iruñean. Bilbokoa 12:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzaren plazatik; Iruñekoa, berriz, 18:00etan, Golem Baiona zine aretoen paretik.