Israelek lurreko inbasioa hasi du Libanon
Mundua
Israelek lurreko inbasioa hasi du Libanon, "gerraren hurrengo faseari" bide emanez eta Beirut hegoaldeko auzoak bonbardatzen jarraitzen duen bitartean. Armada israeldarraren arabera, Hezbollahren "azpiegitura militarren aurkako eraso zehatzak" dira eta haien kontra "borroka gogorrak" izango direla esan du Israelek.
Israelekin muga egiten duten Libano hegoaldeko herrixkei egin diete eraso, "Israel iparraldeko herritarrentzat mehatxu zuzena" direlakoan. Airez ere ari dira oldarraldia egiten, eta artilleria jaurti dute "inguruko helburu militarraren kontra".
Azken orduetan, gainera, Libanoko Ein el-Hilweh errefuxiatuen kanpalekua ere bonbardatu dute. Sidon (hegoaldea) hiritik gertu dago, eta 100.000 palestinar bizi dira han.
Erantzun gisa, Hezbollahk iragarri du lehen eraso batzuk egin dituela Israel iparraldean. Libanoko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, azken 24 orduetan, gutxienez 95 pertsona hil dira eta 172 zauritu. Horiei guztiei asteon hildako 1.000 pertsona baino gehiago batu behar zaizkie. Gainera, milioi bat lagunek etxea utzi behar izan dute.