Joe Biden ez da AEBetako presidentetzara aurkeztuko eta Kamala Harris babestu du hautagai gisa
Mundua
Joe Biden AEBko presidenteak uko egin dio azaroko hauteskundeetan Donald Trumpen aurka lehiatzeari, igande honetan X sare sozialean zabaldutako idatzi batean iragarri duenez. "Nire bizitzako ohorerik handiena izan da presidentea izatea. Eta nire asmoa berrautaketa bilatzea izan bada ere, uste dut nire alderdiarentzat eta herrialdearentzat onena dela, albo batera egin eta nire agintaldia bukatu arte, presidente gisa dauzkadan eginbeharrak betetzea", adierazi du 81 urteko agintariak. Azken orduetan 38 ordezkarik eta lau senatari demokratak eskatu diote publikoki presidentetzarako lehia uzteko.
Bidenek Kamala Harris presidenteordearen aldeko botoa eskatu du azaroaren 5eko hauteskundeei begira.
Donald Trumpek lehen adierazpenak egin ditu Bideni erantzunez: “Joe Biden ustela ez zen gauza presidente gai izateko, ezta zerbitzu hori emateko. Ez da inoiz izan! Presidente izatera heldu da gezurrei eta albiste faltsuei esker. Begira zer egin dion gure herrialdeari: milioika lagun ari dira gure mugak zeharkatzen kontrolik gabe, horietako asko kartzeletatik edo zoroetxeetatik datozenak, baita terroristak ere. Asko sufrituko dugu legegintzaldi honen ondorioz, baina egindako kaltea azkar konponduko dugu”. Kamala Harrisen inguruan esan du Biden baino errazago garaituko duela eta ziurtzat jo du azaroaren 5eko hauteskundeak irabaziko dituela.