Skip to main content

Julian Assange Wikileakseko sortzailea aske utzi du Londresko Auzitegi Gorenak

Mundua

2024, eka. 25 - 12:06
Julian Assange Wikileakseko sortzailea aske utzi du Londresko Auzitegi Gorenak, Estatu Batuetako Gobernuarekin akordio batera iritsi ostean. Assangek bost urte baino gehiago eman ditu Londresko espetxe batean.

Estatu Batuetako Gobernuarekin lortutako akordioaren arabera, Assange Espioitza Legea urratzeagatik errudun deklaratuko da bihar, epailearen aurrean. Pazifikoan, Iparraldeko Marianetan deklaratuko du. Bertan, 62 hilabetera zigortuko dute, baina zigor hori beteta duenez, aske geratuko da.

AEBetako justiziak 18 delitu leporatu zizkion Assangeri Espioitza Legea urratzeagatik, 2010ean Estatu Batuetako historian sailkatutako informazio filtrazio handienetako batean. Filtratutako informazio guztien artean, Irakeko eta Afganistango gerren sekretuak eta Guantanamoko baseko atxilotuei buruzko datuak agerian utzi zituen, besteak beste.

“Herritarrek Assangeren eta haren ekintzen inguruan denetariko iritziak izan ditzaketen arren, kasua gehiegi ari zen luzatzen. Inork ez du irabazteko ezer etengabe kartzelan izanda, eta Australiara itzultzea nahi dugu”, adierazi du Anthony Albanese Australiako lehen ministroak.
Hamaika Telebista