Skip to main content

Tim Walzek formalki onartu du demokraten izendapena AEBko presidenteorde izateko

Mundua

2024, abu. 22 - 14:08
Tim Walz Minnesotako gobernadoreak formalki onartu du azaroaren 5ean egingo diren AEBko presidentetzarako hauteskundeetarako alderdiko presidenteorde izateko izendapena asteazken honetan, Demokraten Konbentzio Nazionalean. «Lehenik eta behin, Kamala Harris lehendakariordeari esker. Eskerrik asko nigan konfiantza jartzeagatik eta kanpaina sinestezin honetan parte hartzera gonbidatzeagatik. Eta eskerrak Joe Biden presidenteari, lau urteko lidergo sendo eta historikoagatik. Nire bizitzako ohorea da AEBko presidenteorde izateko zuen izendapena onartzea», adierazi du.
Walzek ohartarazi duenez Alderdi Errepublikanoa Etxe Zurira itzultzen bada, "klase ertainarentzako kostuak handitu egingo dira, osasun arretaren legea indargabetuko dute, Gizarte Segurantza zartatuko dute, eta abortua herrialde osoan debekatuko dute".
Halaber, Bill Clinton presidente ohiak eta Nancy Pelosi AEBko Ordezkarien Ganberako presidenteak babesa eman nahi izan die Kamala Harris eta Tim Walz bikoari. Horiez gain, Stevie Wonder musikaria eta Oprah Winfrey telebista aurkezle ezaguna ere bertan izan dira. Andoni Ortuzarrek 'etorkizuna eta itxaropena' ordezkatzen duen Kamala Harris babestu du Chicagon.