Agustin Aizpuru, Usansolo Herria: “Bizkaiko Foru Aldundiak batzorde gestore bat sortu behar du”
Politika
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Usansolo Galdakaotik bereizteko galarazpena, eta erabaki hori izan dugu hizpide Agustin Aizpuru ‘Usansolo Herria’ plataformako kidearekin. Auzitegiaren erabakiak “poz handia” eragin diela dio, eta beren prozesuarentzat ”aurrerapausoa” dela nabarmendu du.
Adierazi du erabakiak esan nahi duela Usansolok udaletxearen eraketarekin jarrai dezakeela, eta horretarako, Foru Aldundiari eskatu dio ardura bere gain har dezala, eta gestore batzordea sor dezala. Aitortu du udaletxean “lan handia” dagoela egiteko, eta dio “zaila” izango dela maiatzean Usansolon hauteskundeak egitea. Dena dela, adierazi du Foru Aldundiak pentsatu beharko duela “agian” hauteskundeak atzeratzea: “Nik ez dut ulertzen udaletxea duen herri bateko herritarrak beste herri batera bozkatzera joatea. Hori ez da bideragarria”.