Alderdi Popularrak EAEko aurrekontuen negoziazioak bertan behera utzi ditu
Politika
2024, aza. 27 - 14:11
Datorren urteko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioekin ez jarraitzea erabaki du Alderdi Popularrak, gainera, aurrekontu proiektuari buruzko osoko zuzenketa aurkeztuko dutela adierazi dute. Javier de Andres Euskadiko Alderdi Popularraren presidentearen arabera, gobernu taldeak mahai gainean jarritako proposamenak ez ditu PPren eskariak asebetetzen, eta EAJ eta PSEren gobernuak EH Bildurekin akordioa lortzea nahiago duela adierazi du. Alderdi Popularrak Jaurlaritzak dagoeneko baztertu duen %4,7ko aurrekontu igoera eskatzen zuen Segurtasun eta Osasun sailerako, gainera, Popularren arabera, etxebizitza kaltetuko duten erabakiekin ezinezkoa dute bat egitea. Honela, Jaurlaritzari leporatu diote bakarrik EH Bildurekin akordioa lortzeko borondatea dutela eta ondorioz, 2025erako aurrekontu proiektuaren osoko zuzenketa aurkeztuko dutela. Eusko Jaurlaritzak deitoratu egin du PP negoziazioetatik aldendu izana, adierazi dutenez, Jaurlaritzaren negoziatzeko borondatea erabatekoa da, helburua aurrekontuetarako akordio zabala bilatzea delako. Gauzak horrela, eta PP eta Sumarrek negoziazioekin ez jarraitzearen erabakiaren ostean, EAJ eta PSEk osatutako gobernuak 2025erako aurrekontuak onartzeko gehiengo osoa edukitzen jarraitzen dute. Nahiz eta horrela izan, Jaurlaritzak azpimarratu du EH Bilduk negoziazio mahaian jarraitzen duela eta hauekin akordioak lortzeko aukerak daudela.