Asteartean berrogeita hamar urte beteko dira Alkateen Mugimendua sortu zela
Politika
Ainhoa Lainsa Merino
Astearte honetan berrogeita hamar urte beteko dira Alkateen Mugimendua edo Bergarako taldea sortu zela. 67 alkate eta hautetsi elkartu ziren 1976ko uztailaren 21 hartan Bergaran, hainbat kontu aldarrikatzeko: Euskal Herriaren nortasun nazionala, udal tradizio demokratikoa eta autogobernua, besteak beste.
Ekimen horretan parte hartu zuten, beste hainbaten artean, Jose Luis Elkoro eta Patxi Basuri Bergarako eta Elgetako alkate izandakoek eta lau haizetara zabaldu zituzten hainbat aldarri: euskal preso politikoen amnistia, euskararen ofizialtasuna edota ikurriñaren legeztatzea.
Mugimenduak 1980. urtera arte iraun zuen, baina bere sorrerak bat egin zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru erregimenaren abolizioaren mendeurrenekin. Hain zuzen ere, bi efemerideak ospatzeko ekitaldia egin dute Bergaran igande honetan.
Euskal Herri osoko erakundeetako ordezkariak eta 200 bat udalerritako alkate eta zinegotziak bildu dira eta San Martin plazatik abiatu den segizioan parte hartu dute. Alkateek aginte makilak eta zumitzak eraman dituzte, eta oposizioko ordezkariek, berriz, udal banderak. Usondo parkera iritsi eta bertan Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak hartu du hitza. Foruen abolizioa hizpide hartuta, euskal lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernuaren aldeko aldarrikapenak egin ditu.
1976ko Alkateen Mugimenduan parte hartu zuten lau alkate ohi ere omendu dituzte: Jose Luis Elkoro, Luis Mari Ajuriagerra, Jose Antonio Altuna eta Javier Errazti; Bergarako, Otxandioko, Arrasateko eta Eskoriatzako alkate ohiak, hain zuzen ere. Gorka Artola Bergarako alkateak ere hitza hartu eta haien ekarpena eta euskal herrien eskubide historikoen alde erakutsitako konpromisoa nabarmendu ditu.
Dantza eta musika ere presente egon dira ekitaldian zehar. Oñatz, Ikerfolk, Udaberri, Urki eta Argia dantza taldeek parte hartu dute, Manex Alberdi dantzariarekin batera. Klara Badiolaren ahotsak eta Et Incarnatus orkestrak girotu dute saioa. Horrez gain, Aritzeta abesbatzak, Alaiberri otxoteak eta Bergarako Orfeoiak hainbat pieza interpretatu dituzte, Bergarako eta Oñatiko txistularien laguntzarekin.

















