Atzerrian bizi diren herritarrak gogoan izan dituzte euskal alderdiek Euskal Diasporaren Egunean
Politika
Ainara Arrizabalaga Sorazu
Euskal alderdiek atzerrian bizi diren herritarrak eta haien ekarpenak gogoan izan dituzte astearte honetan, hilak 8, Euskal Diasporaren Egunaz baliatuz. EH Bilduk mundu osoan barrena dauden euskal herritarrei “aitortza eta esker ona” adierazi die, eta Euskal Herriaren “nortasuna, kultura eta komunitate-sarea” mantentzen eginiko lana txalotu die.
Halaber, Euskal Herria “historikoki” herri migratzailea dela azpimarratu du koalizio subiranistak eta diasporak bertan eta atzerrian daudenen arteko “zubi-lana” egin izana balioan jarri du Beñat Azkargorta EH Bilduko Diaspora idazkariak.
Euskal Herritik at bizitzera bultzatu izaniko arrazoi anitzak “erbestearekin, gerraren ondorioekin eta arrazoi ekonomikoekin” lotu ditu EH Bilduk. Hala ere, diasporak “euskal nortasuna eta komunitatearen loturak” mantentzeko lana gauzatu duela gogorarazi du Azkargortak eta elkarlanaren beharra berretsi du nortasun hori bizirik mantentzeko.
Ospakizun instituzionalei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak Euskal Diasporari omenaldia egingo dio astearte arrtsaldean Donibane Lohitzunen. Imanol Pradales lehendakaria izango du buru ekitaldiak eta bertan izango dira ere Ibone Bengoetxea eta Mikel Torres lehendakariordeak.

















