Skip to main content

Bilboko turismoari mugak jartzeko eta gehienezko tasa turistikoa ezartzeko eskatu du EH Bilduk

Politika

Maria Blanco Martin

2026, Maiatza 19 - 15:05

Maria del Rio eta Karlos Renedo EH Bildu udal taldearen bozeramaileak eta zinegotziak, “Bilboko errealitatera egokitutako” tasa turistikoaren alde egin dute Bizkaiko hiriburuan egindako prentsaurrekoan, eta “kontrolik gabeko” turismoa arintzeko hainbat neurri proposatu dituzte.

Bilbon 12.554 ostatu-plaza eskaintzen direla azpimarratu dute, horietatik %83 hoteletan eta %17 apartamentuetan. Horiez gain, azken bost urteetan biderkatu egin diren 5.341 plaza eskaintzen dituzte etxebizitza turistikoek. Bizkaiko hotel eta apartamentuetan ostatu hartzen duen turismoaren %70 biltzen du Bilbok, eta EAEn ostatu hartzen dutenen %33,5.

“Neurrigabeko” hazkunde horri mugak jartzeko garaia dela diote, eta lanpostu prekarioak sortzen dituela salatu dute. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute tasa turistikoa. Zehazki, luxuzko hoteletan eta etxebizitza turistikoetan jarri dute fokua, horiei zergak ezartzea proposatu dute eta tasa baimendutako maximoa izan dadin defendatu dute.

Bestalde, proposatu dute pisu turistikoetatik datozen diru-sarrerak etxebizitza-politiketara bideratzea, eta erabiltzea udalaren zerbitzuak finantzatzeko, ekonomia dibertsifikatzeko eta tokiko ekonomia eta turismoaren menpe ez dauden jarduera eta sektoreak bultzatzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista