Skip to main content

Donostian migratzaile bat jipoitu zuen udaltzaingoa ofizialorde izendatu dute

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, ots. 24 - 13:02

Donostian migratzaile bat jipoitu zuen udaltzaingoa ofizialorde izendatu dute. Hala ezagutarazi du Argiak, LAB sindikatuak haiekin elkarbanaturiko prentsa ohar baten harira. 2025eko abenduan, Txago kolektiboak Instagramen partekatu zuen duela bi urte herritar batek grabaturiko bideoa. Bertan ikus daiteke Antigua auzoko Zubimusu parkean udaltzain hori migratzaile bat izkin batean jipoitzen.

Sindikatuak Argiari esandakoaren arabera, Donostiako Udalak bere garaian adierazi zuen migratzaileak gainean zuen udaltzainari hankan hozka egin ziola, eta horregatik egin zuela hark bere aurka. Argiaren arabera, gertakari batek ez duela bestea justifikatzen salatu du LABek, eta nabarmendu dute Udalak eta Buruzagitzak bideoa ikusi zutenean, “larriturik, neurri administratiboak” hartu zituztela; hala ere, “jipoitutako migratzaileak salaketarik jarri ez zuenez, gaia artxibatu” zutela.

LABek hedabideari helarazitako oharrean adierazi du “joan den hilean Donostiako Udalak migratzailea neurrigabe jipoitu zuen udaltzain hori bera ofizialorde izendatu” zuela, eta galdera plazaratu du: “Nola uler daiteke horrelakorik?”. Sindikatuaren hitzetan, erabaki hori legezkoa den arren, “politikoki onartezina” da, eta, haien iritziz, “horrelako jokabidea duten udaltzainek ez lukete barne sustapenean jefaturara iristeko aukerarik izan behar, herritarren, migratzaileen eta Donostiaren onerako”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista