Skip to main content

EAJk, EH Bilduk eta PSEk sei hautagai independente proposatu dituzte Gogora Institutuaren bost postutarako

Politika

2024, ira. 24 - 09:09

Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseilurako izen proposamenak aurkeztu dituzte. EAJk, EH Bilduk eta PSEk sei hautagai independente proposatu dituzte bost postutarako.

EH Bilduk Paco Etxeberria eta Pilar Garaialde proposatu ditu. Paco Etxeberria auzitegi-medikuntzako mediku espezialista da, eta Antropologian eta Auzitegiko Biologian aditua. Ibilbide luzea egin du giza eskubideen arloan, eta sari ugari jaso ditu egindako lanagatik. 2015Etik da Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kide da. Pilar Garaialde Salsamendi 1982an A Hirukoitza eskuin muturreko erakundeak hildako Paulo Salsamendiren alaba da.

EAJren eta PSEren proposamenekin sei izen lortu dituzte bost postutarako. ETAk Tolosan atentatu batean hil zuen Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alaba proposatu dute jeltzaleek, Maria Jauregi. Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kidea da dagoeneko. Bigarren proposamena Eider Landaberea Abad da, Deustuko Unibertsitateko Historian doktorea. Bestalde, PSEk Josu Elespe jarri du mahai gainean, zuzenbidean lizentziatua eta Froilan Elespe ETAk hil zuen Lasarteko zinegotziaren semea. Bigarren hautagaitza José Antonio Pérez da, EHUko Historia Garaikidean doktorea.

Hauteskundeetako emaitzen arabera, bost postuetatik lehena EAJrentzat izan beharko lirateke, bigarrena EH Bildurentzat, hirugarrena EAJrentzat, laugarrena EH Bildurentzat eta bosgarrena eta azkena PSErentzat.

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren organigramaren barruan dago orain, eta Maria Jesus San Jose PSEko sailburua da horren buru. Institutuko zuzendaria Alberto Alonso da, PSEko legebiltzarkidea izandakoa Gogora Institutuaren buru izendatu duten arte.