Skip to main content

Ernai Gazte Antolakundeak 800 lagun baino gehiago bildu ditu Bergaran, bere IV. Kongresuan

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, Maiatza 11 - 14:05

Ernaik IV. Kongresua ospatu du larunbat honetan Bergaran. 800 lagun baino gehiago bildu dira ikasturte osoan zehar prestatutako ekitaldian. Bertan, kongresu prozesuaren nondik norakoak azaldu eta hipotesi estrategikoa aurkeztu dute. Amaiur Egurrolak ere hitza hartu du.

Egungo testuinguruan, Ernaik gazte ororentzat tresna eta helduleku izan nahi duela adierazi dute. Haien esanetan, horretarako antolakunde “zabal eta indartsua” beharrezkoa da, “ildo politiko definituarekin eta gazte independentistak askapen prozesura batzeko balioko duena”. Era berean, antolakundearen bi konpromiso nagusiak berretsi dituzte: gazteriarekikoa eta Euskal Herriarekikoa, hain zuzen ere.

Hala, nabarmendu dute “ez dutela etsiko Euskal Herria askatasunera eraman eta gazteria duintasunez bizi arte”. Horretarako, antolakundea indartu beharra dagoela azpimarratu dute, egungo erronkei erantzuteko gaitasuna izango duen egitura eraikiz. 

Azkenik, argi utzi dute “garaiak borroka eskatzen duela” eta Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldunaren alde lanean jarraituko dutela.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista