Ertzaintzak Anoetan zauritutako emakumearen kasua berriro irekiko du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak
Politika
Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Amaia Zabarteren kasua berriz irekitzeko agindua eman du. Martxoaren 5ean Realak eta PSGk Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian Ertzaintzaren oldarraldi batean larri zauritu zuten Amaya Zabarte. Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen ustez; gainera, irudi batzuek erakutsi dute ertzain batek ostiko bat eman ziola, lurrean zegoela. Haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion.
Auzia itxi zuen epaileak, baina orain berriro zabaltzeko agindu du auzitegiak. Familiaren abokatu Iker Sarriegik helegitea jarri zuen, gerora zabaldu diren irudi argigarriak eta oldarraldia bertatik bertara ikusi zuten lekuko batzuen testigantzak aintzat hartzeko eskatuz. Edonola ere, epaile berak gidatuko du ikerketa hori, eta, besteak beste, erabaki beharko du zein polizia erakundek ikertuko duen. Orain arte, Ertzaintzak kudeatu du auzia.