Skip to main content

Espainiak eta AEBk ukatu egin dute Maduroren gobernuaren aurkako operazio batean egotea

Politika

2024, ira. 16 - 09:09

Joan den astelehenetik desagertuta zeuden bi bilbotar atxilotuta daudela baieztatu du Venezuelako Barne ministroak. CNI Espainiako zerbitzu sekretuekin eta Venezuelako oposizioarekin “lotura” izatea leporatzen diete Jose Maria Basua Badovinosi eta Andres Martinez Adasmeri. Espainiako Gobernuak erabat gezurtatu du CNIko kideak direnik eta "irtenbide demokratiko eta baketsu bat" eskatu du.

Venezuelako Puerto Ayacucho hiriburuan atxilotu zituzten bi euskal herritarrak, Kolonbiako mugatik gertu, baita hiru estatubatuar eta txekiar bat ere; zaintzapean dituzte orain, eta horiek itauntzen ari dira. "Ekintza terroristak" egin nahi izatea leporatzen diete, Nicolas Maduro presidentea, Delcy Rodriguez presidenteordea eta beste hainbat goi kargudun hiltzeko helburu dutenak. 

Senideek Venezuelako Gobernuak esandakoa gezurtatu dute eta azaldu dute turismoa egiten ari zirela. Bi atxilotuen familiek hilaren 9an salatu zuten desagertuta zeudela; hilaren 2tik, ez zuten haien berririk. Abuztuaren 17an abiatu ziren Madrildik Caracasera, eta irailaren 5ean itzultzekoak ziren.