Espainiako Gobernuak biktima izaera aitortu dio Josu Mujikari, eta legez kanpokotzat jo du epaitu zuen auzitegia
Politika
Maite de Felipe Suso
Espainiako Gobernuak biktima izaera aitortu dio Josu Mujikari, eta legez kanpokotzat jo ditu haren aurkako epaiak. Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak jakinarazi duenez, Mujika tiroz hil zuen polizia identifikatu dute, eta hiltzailearen datuak auzia ikertzen ari den epaileari helarazi dizkiote. Izan ere, gertakaria argitzeko auzia martxan da Madrilgo auzitegi batean.
Espainiako Gobernuak Mujika biktima gisa aitortzeaz gain, onartu du haren kontrako zigor, zehapen zein ebazpen judizial eta administratiboak “legez kanpokoak eta baliogabeak” direla.
1975eko uztailaren 30ean Madrilen tiroz hil zuten Josu Mujika 24 urte zituela, ETAko kide talde baten kontra egindako polizia operazio batean.
Felix Egia Itxaurraga ‘Peli’, Jose Maria Lara Fernandez ‘Txepe’ eta Lejarzarekin batera autoan zihoan, eta haiei atzetik jarraika zeudela ohartu ziren. Autoa gelditu eta saltoka ihes egiten saiatu ziren. Jazarpen horretan hil zuten.
Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen. Hala ere, lekukoen arabera, tiroak zituen bizkarrean; gainera, Legazpiko alkate Prudentzio Larrañagak baieztatu zuen “tiroz josia” zegoela.

















