Espainiako Poliziak sei lagun atxilotu ditu Gasteizen euskal selekzioaren aldeko ekitaldietan gertatutakoaren harira
Politika
Maite de Felipe Suso
Aske Antolakundearen arabera, Espainiako Poliziak sei lagun atxilotu ditu Gasteizen ekainaren 13an euskal selekzioaren aldeko kontzentrazio batean gertatutakoagatik. Erakundeak jakinarazi duenez, “mehatxu eta gorroto delituak” leporatu dizkiete.
Azaldu dutenez, Munduko Futbol Koparen harira elkarretaratze bat egin zuten, eta handik igaro zen gizon batek jarri zuen salaketa. Haren arabera, kontzentrazioan zeudenek “eraso” egin zioten. Aldiz, bertan zeuden lekukoen arabera, ez zen horrelakorik gertatu; are gehiago, gizonak “jarrera probokatzailea” izan zuen eta “agur faxistak” egiten hasi zen. Horiek horrela, Aske Antolakundeak nabarmendu du mobilizazioan parte hartu zuten pertsona gehiago atxilotzea espero dutela.
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin dute astearte honetan Gasteizen. Bertan azpimarratu dute horiek ez direla Munduko Futbol Kopak utzitako atxiloketa bakarrak eta, haien iritziz, “gertakari hauek agerian utzi dute Espainiako Estatuaren asimiliazio prozesuak aurrera jarraitzen duela eta haren kontra altxatzen den oro zigortua dela”.

















