Europako Batzordeak terrazetan eta leku publikoetan erretzeko debekua zabaltzea eskatu du
Politika
2024, ira. 18 - 15:09
Europako Batzordeak tabernetako terrazetan, parkeetan, garraio publikoko geltokietan eta beste espazio ireki batzuetan erretzea debekatzea proposatu die Europako gobernuei. Europar Batasuneko biztanleak, eta batez ere haurrak eta gazteak "besteen kearen eta isuri kaltegarrien eraginetatik babesteko" eskatu du Bruselak, kerik gabeko inguruneei buruzko politikak aire zabaleko funtsezko eremuetara zabaltzea proposatuz. Eremu horien artean sartzen dira, besteak beste, aire zabaleko jolas-guneak, igerilekuak, tabernetako terrazak, osasun eta hezkuntza instalazioetatik gertu dauden aire zabaleko eremuak eta autobus geltokiak. Nahiz eta oraingoz bakarrik proposamena den eta osasun-politiken gaineko eskumen esklusiboa herrialde kideen esku dagoen, Bruselak helburu hori beren estrategia nazionaletara eramatera animatzen ditu Europar Batasuneko gobernuak.