Gasteizko Udaltzaingoak arretazko greba hasi du
Politika
2024, abe. 13 - 10:12
Gasteizko Udaltzaingoko agenteek arretazko greba hasi dute. Langile falta salatzeko helburua duen greban, udaltzainek araudia zorrotzago betearazten hasi dira abenduaren 12tik aurrera. Arretazko greba martxan jartzearen erabakia SIPLA eta CCOO sindikatuek bultzatutako bozketaren ondorioz izan da, Gasteizko 387 udaltzainetatik 150ek hartu dute parte batzarrean eta hauetako gehiengoak honen alde bozkatu du. Beraz, nahiz eta arretazko grebak ez duen erabateko jarraipena izango, ostegunetik aurrera isun kopurua igotzea espero da, arau-hauste guztiak zigortuko direla aurreikusten delako. Arretazko greba Udaltzaingoan duela hilabete batzuetatik dagoen gatazkaren ondorioa izan da. Agenteek langile falta salatzen dute eta honek, ondorioz, gauean hainbat zerbitzu ixtea edo salaketak behar den bezala ez kudeatzea dakarrela adierazi dute. Gainera, librantzak, bajak eta oporrak funtsezkoak diren lan-postuetan ordezkatzen ez direla ohartarazi dute. Gasteizko Udaltzainek egindako azken arretazko greba 2017aren amaieratik 2018aren hasierara egin zuten lan-hitzarmen berria eta agente gehiago aldarrikatzeko. Aurtengoa, Cesar Fernandez de Landa, Segurtasun Sailaren zinegotzi berriak, kargua hartu egun gutxira iritsi da.