Skip to main content

Hasi da Gasteizko Korda espazioa defendatu zuten hamar lagunen aurkako epaiketa

Politika

Maite de Felipe Suso

2026, uzt. 17 - 12:07

Ostegun honetan hasi da Gasteizko auzitegian Korda espazioa defendatu zuten lagunen aurkako epaiketa. Lehen saioan auzipetuetako baten kasua baino ez dute aztertu, eta irailean jarraituko du prozesu judizialak. Espazioa babesteagatik isunak jaso zituzten kideek helegiteak jarri zituzten horien aurka, eta horiek aztertzeko abiatu da epaiketa. Hori horrela, epaileak erabaki beharko du akusatuek “desobedentzia zigorgarria” egin ote zuten, ala, aitzitik, “protesta eskubidearen erabilera zilegia”. Herrizoma Elikadura Sareak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean, eta Mozal Legea askatasun politiko eta zibilen aurkakoa dela salatu dute. Gainera, poliziaren inpunitatea handitzen duela adierazi dute, eta horregatik, lege hori indargabetzeko eskatu dute.

Herrizoma Elikadura Sareak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak zabaldu zuten Korda espazioa eta 2025eko ekainean espazioa indarrez hustu eta itxi zuen Ertzaintzak. Operazioan, bertan zeuden hainbat lagun identifikatu zituzten, eta haietako bat zauritu eta atxilotu egin zuten. Ondoren, ospitalera eraman zuten, eta bertan artatu zuen erizainak ere isuna jaso du “poliziaren aginduei men ez egiteagatik”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista