Skip to main content

Sorzabal: "Polizia deklarazioa egiten ez banuen, okerrago izango zen, eta ezin nuen gehiago"

Politika

2025, mar. 19 - 09:03

Hirugarrenez epaitu dute Iratxe Sorzabal Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1995ean izandako atentatu bat leporatuta. 2001ean jasandako torturak izan dira, berriz ere, mahai gainean. Sorzabalek azaldu du orduak pasarazi zutela deskarga elektrikoekin, “azala ere sentitzen ez zuen arte”.

Torturen xehetasun batzuk eman ahal izan ditu epaiketan. Torturapean eta heriotza mehatxuekin egindako deklarazio bat eta gaizki itzulitako gutun bat dira aurkeztu diren froga bakarrak. Azaldu du ez zuela beste irtenbiderik eta edozer sinatzera behartu zutela. 

Tortura horien ostean, ospitaletik bueltan egin zuen lehen polizia deklarazioa Sorzabalek. "Polizia deklarazioa egiten ez banuen, okerrago izango zen, eta ezin nuen gehiago", adierazi du. Esan beharrekoa "entseatzen" izan zuten, eta hiltzeko mehatxuak egin zizkioten. Azaldu du gogoratzen duela Carrero Blanco hil zuela ere sinatuko lukeela, orduan barre egin zioten; hori ez zuela inork sinistuko, baina gainerakoa bai.

Fiskaltzak eutsi egin dio sei urteko kartzela-zigorrari 1995ean Alacanteko aireportuan lehergailu bat jartzea egotzita. Sorzabalen abokatuak salatu du torturapean egindako deklarazioak direla auziaren oinarria, eta absoluzioa eskatu du.

Hamaika Telebista