Irurak Bat jauregiaren eraispenaren harira irekitako eginbideak artxibatzea erabaki du Getxoko zigor arloko epaileak
Politika
Maite de Felipe eta Gaizka Leitza
Getxoko zigor arloko epaileak Irurak Bat jauregiaren eraispenaren harira irekitako eginbideak artxibatzea erabaki du. Horren harira, EH Bilduk salatu du zigor arloko auzia artxibatzeak ez duela Getxoko Irurak Bat jauregiaren eraispena konpontzen. Hain zuzen, alderdiak azaldu du horrek ez diola Getxori ondare-osasun bat itzultzen eta “ez dituela espedientean dokumentatuta dauden irregulartasun larriak ezabatzen”.
Era berean, EH Bilduk jakinarazi du oraindik Udal Gobernuak ez duela “inolako” zehapen neurririk hartu babestutako eraikin bat eraitsi izanaren aurrean. Eta hori, euren iritziz, “bereziki larria” da. Izan ere, udal arkitektoaren txosten batek jasotzen duen datu baten arabera, enpresa eraikitzaileak jauregia eraisteari esker lor dezakeen etekin ekonomikoa 732.506,26 eurokoa baita.
Horiek horrela, EH Bilduk azpimarratu du “Getxok erakunde gardenak eta prozedura zorrotzak dituen gobernua merezi duela”.

















