Jaizkibel konpainiak gustuko konpainiaren koloreak janzteko deia egin du
Politika
Maite de Felipe Suso
Irailaren 8an izango da aurten ere Hondarribiko alardea, eta Jaizkibel konpainiak dei egin du bere desfilean alardearen “kolore askotarikoak” janzteko. Hau da, Jaizkibel Konpainian parte hartuko duten emakumeei eta gizonei “gustuko duten konpainiaren jantziarekin” desfilatzeko deia egin diete.
Izan ere, Hondarribiko alardearen bereizgarrienetako bat da konpainia bakoitzak jantzi desberdinak erabiltzen dituela, eta horregatik, Jaizkibel konpainiak deia luzatu du “bakoitzak bere koloreak harrotasunez jantzi ditzan”.
Aurten 30 urte beteko dira emakume talde batek desfilean parte hartzea erabaki zuenetik, eta urteurrenaren atarian egin du proposamena Jaizkibelek. Nabarmendu dutenez, urtemuga hau baliatu nahi dute “nondik datozen ez ahazteko, baina baita zubiak eraiki eta elkarrekin aurrera begiratzen jartzeko ere”.
Era berean, nabarmendu dute “keinu honen bidez, alarde bakar, publiko eta parekidea” irudikatu nahi dutela eta “herritarrena dena, herrira eta herritarrei itzuli” behar zaiela gogoratu dute.

















