Nafarroako 15 ikastolek gelak kalera atera dituzte Hezkuntza Departamentuaren erabaki "arbitrarioa” salatzeko
Politika
Ainhoa Lainsa Merino
Asteazken honetan, Nafarroako 15 ikastolek gelak kalera atera dituzte Hezkuntza Departamentuaren erabaki "arbitrarioa” salatzeko.
Izan ere, apirilaren 23an, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak iragarri zuen departamentuak itunpeko ikastetxeen sareko 14 ikasgela ixteko erabakia hartu zuela. Nafarroako Ikastolen esanetan, erabakia “erabat arbitrarioa” izan da, orain arte indarrean egon diren irizpideak “alde bakarrez eta aldez aurretik jakinarazi gabe” aldatu direlako. Gainera, salatu dute landa eremuko eskolen araudia aplikatzeari utziko diotela, inongo “arrazoi teknikorik” gabe.
Egoera honen aurrean, Nafarroako hainbat eragile eta herritarrek bat egin dute ikastolen alde, ‘Lodosako Adierazpena’ izeneko dokumentuan. Sinadura bilketaren bidez, ikastolen komunitateak Nafarroa hezkuntzaren eta euskararen bidez josteko egiten duen lana ezinbestekoa dela nabarmendu dute, eta Hezkuntza Departamentuaren erabakia gaitzetsi dute.
Horren harira, 15 ikastolek gelak plazetara atera dituzte, Nafarroa euskaraz josten duen hezkuntza sarea direla aldarrikatzeko. Hala, gelak ixteko eta berriak irekitzea ukatzen duen erabakia bertan behera uztea eskatu dute, eta nafar guztiek ikastolan ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu dute.


















