Skip to main content

Unai Urruzuno, EH Bildu: "Estatuan bizi den egoerarekin bat egiten du larunbateko manifestazioaren logikak”

Politika

Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramailearekin hitz egin dugu datorren larunbaterako Nazioa Gara lelopean Bilbon antolatu duten manifestazioa hizpide. Nabarmendu du “Estatuan bizi den egoerarekin bat egiten duela manifestazioaren logikak”, eta gehitu du “zabaltzen den fase honetan aukera gehiago egon daitezkeela lurralde ereduaren eztabaida zabaltzeko”.

Urruzunoren iritziz, 1978ko “trantsizio deiturikoa Espainiaren batasun banaezinaren” bueltan artikulatu zen, eta hori dago Madrilgo protesten atzean: “Oldarraldiaren atzean dago Estatu honetan aitortu gabeko nazioak daudela, eta nolabait, horren zutoin inportanteena desegiten has daitekeela, edo gutxienez, ezbaian jarri daitekeenaren zantzuak ageri direla”. Hori horrela, azpimarratu du “Euskal Herriak esan behar duela nazio bat dela, eta etorkizuna propioki erabakitzeko eskubidea duela”.

Era berean, Espainiako ezkerrari dei egin dio gai honetan eskuinak bezala jokatu ez dezan: “Espainiako ezkerrak, baldin eta progresista, aurrerazalea eta eraldatzailea bada, gai honetan ezin du eskuinak bezala aritu, eta beste bide batzuk eskaini behar ditu, kontu hau ahalik eta erarik demokratikoenean eta zibilizatuenean konpontzeko. Aukeraz betetako agertoki atean gaude”, adierazi du.