.gif)
Euskal irrati publikoak adierazi duenez, EAJ eta CIU atzo bildu ziren Bartzelonan Europako hauteskunde programaren edukiez eta bozetara aurkezteko moduaz hitz egiteko. Bertatik bozetara koalizioan aurkezteko akordioak finkatu ziren. 2009an, haiekin batera aurkeztu ziren Koalizio Kanariarra, Alderdi Andaluzista, Bloc Nacionalista Valencia, Unio Mallorquina eta Unio Menorquina. Aurten ere, EAJ eta CIU beste alderdi batzuekin harrematen daude.
ETAren armagabetzean parte hartzeari uko egiteagatik arduragabe izatea egotzi dio Patxi Zabaletak Espainiako Gobernuari. Antzeko adierazpenak egin ditu Iñigo Urkulluk ere. ETAk indarkeria utzi zuenetik bi urte igaro direnean, ezer aldatu izan ez balitz bezala ari diren sektoreak kritikatu ditu lehendakariak.
Eskola garraioko begiraleek atzo iluntzean amaitutzat eman zuten iragan astean hasitako greba mugagabea. Herenegun lortutako akordiorako oinarria Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzarretan berretsi ostean hartu zuten erabakia sektoreko 500 langileek. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak oso pozik agertu dira lortutako akordioarekin.
Santa Ageda bezpera kantuz ospatu dute Bilbon ere. Makila eskuan hartuta, euskal koplak kantatu dituzte Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleek
Gurean Gaur saioaren elkarrizketa atalean, Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Biktimen arretarako zuzendari ohia izan dugu. Biktimen afera aztertu dugu berarekin. Era berean, Juan Mari Jauregi senarra hil zuen ETAko kide ohiarekin izandako topaketaz hitz egin digu.
LAB Sindikatuak Eusko Jaurlaritzak ORPRICCE izeneko erakundearen bidez erreforma laborala aplikatu nahi duela salatu du eta hortaz erakunde horretara ordezkaririk ez duela bidaliko adierazi du. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Garbiñe Anburu negoziazio kolektiboko arduradunak, erreforma laboralak lan harremanetan duen eragina aztertu dute gaurko agerraldian eta esan bezala sindikatuak Eusko Jaurlaritzak sortutako ORPRICCE erakundean parte hartuko ez duela aurreratu dute. Izan ere LABen ustez erakunde honek hitzarmen kolektiboak ez aplikatzea erraztu besterik ez du egingo edozein enpresaren esku aukera hori jarriz.