Image

Saioak

All Stories

Elene Lopetegi, Bilgune Feminista: ‘Autodefentsa feministak mila bide har ditzake’

‘Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista! Antolatuta gaude!’ lelopean kalera ateratzeko deia luzatu du EHko Mugimendu Feministak azaroaren 25erako. Emakumeen gaineko indarkeria salatzeko egunean autodefentsa feminista aldarrikatuko dutela azaldu du Elene Lopetegi Bilgune Feministako kideak.

Asteasuko Udalak UEMAn sartzeko eskaera egin du, 95. herria izango da

Asteasuko Udalak UEMAko kide izatea erabaki zuen asteazkeneko osoko bilkuran, aho batez, Asteasu Batuz taldeko eta EAJko zinegotzien aldeko botoekin. UEMAk ezagutarazitako datuen arabera, euskaldunen indizea %73,30 da Asteasun. Asteasuko Udalak euskararen biziberritzean hizkuntza politika aurreratu eta bateratuekin eragiteko asmoa du.

Eskaera abenduaren 17an aztertuko du Uemak, batzar nagusian. Asteasu mankomunitateko partaide izatea onartzen badute, UEMAko 95. herria bilakatuko da.

Frantziako Kultura ministerioak bertsolaritza gehitu du bere kultura immaterialen katalogora

Pasa den udaberrian egin zuen eskaera Bertsularien Lagunak elkarteak, eta azken astean jaso du baiezko erantzuna: bertsolaritzak kultura-ondare immaterialaren izendapena lortu du Ipar Euskal Herrian.

Gaur egun Ipar Euskal Herrian, 120 bat saio edo ekimen antolatzen dira urtero, adin guztietako 45 bat bertsulari daude, 70 talde daude hezkuntza arautuan, bai ikastola zein eskola elebidunetan, eta 250 ikaslek izena eman dute bertsu eskoletan.

Elkarteak iaz abiatu zuen egitasmoa. Beñat Iturralde Agirre antropologoaren gidaritzapean eta Thaïs Boukellaren laguntzarekin osatu zen ikerketa lana. Arduradun zientifiko lanetan berriz, Fabien Van Geert Parisko Sorbonne Nouvelle Unibertsitateko antropologoa aritu da. Ondoan izan dituzte ere Euskal kultur erakundeko Terexa Lekunberri antropologoa eta ihauteri eta euskal tradizioetan aditua den Thierry Truffaut ere.

MusikaZuzenean TB # 199: Gari + Ibai Verlaine (Eh, Mertxe!)

MusikaZuzenean telebista saioaren 199. atalaren erreportaje nagusia grabatzeko Bilbon izan gara. Gari musikariarekin egin dugu hitzordua berriki kaleratu duen 'Zuzenean 2022' diskoa gertitik ezagutzeko. Hitz Bitan atalera, berriz, Ibai Verlaine gonbidatu dugu Eh Mertxe! taldeko kidea. Bere gustuko disko, areto, eta kantuen berri eman digu laburrean.

Frantziako Asanblea Nazionalaren gehiengo zabal batek abortatzeko eskubidea Konstituzioan sartzearen alde egin du

Frantziako Asanblean Nazionalak urrats handia eman du ostegun honetan emazteen erreproduzio eskubideak babesteko. Frantzia Intsumituak alderdiak lege proposamena aurkeztu du abortatzeko eskubidea frantziar Konstituzioan txertatzeko. Asanbleako 337 diputatuk eman dute aldeko botoa eta 32k kontra.

Ipar Euskal Herria ordezkatzen duten hiru diputatuek, Vincent Bruk, Florence Lasserrek eta Iñaki Etxanizek lege proposamenaren alde egin dute.

Hala ere, Frantziako Konstituzioa aldatzeko, beharrezkoa da lehendakaritzaren onespena izatea eta parlamentuko bi ganberek aldaketa babestea. Beste aukera bat da erreferendum bat egitea, baina bi ganberek lege proiektuaren alde bozkatu behar dute aurretik.

Barañaingo Pentsiodunen Mugimenduak eguneko zentro berria publikoa izatea eskatu dute

Barañaingo pentsiodunek mobilizazioa egin dute gaur Iruñerrian, eraikitzen ari diren eguneko zentroa kudeaketa publikokoa izan dadin eskatzeko.

Barañaingo Pentsiodunen Mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute eguneko zentroko obren aurrean, eta, ondoren, manifestazioan joan dira udaletxeraino. Han, sarrerako atarian bildu dira.

Eguneko zentro berriaren obrak martxan daude, baina Udalak oraindik ez du erabaki kudeaketa publiko edo pribatukoa izango den, ezta beste gai batzuk ere, hala nola tarifak, zerbitzuak edo ordutegiak.

Salatu dutenez, kokapenak eta lokalak berak ez dituzte baldintza onenak betetzen. Horrekin batera, nabarmendu dute Udalak ez diela erantzun herriko adinekoen eskaera eta ekarpenei.

Poloniak beste hiru hilabetez luzatu du Pablo Gonzalezen espetxeratzea

Pablo Gonzalez euskal kazetariari ezarritako prebentziozko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatzea erabaki du Poloniako Przemy, eskualdeko auzitegiak. Auzitegiak ez du erabakiaren arrazoirik eman, auzia sekretupean dagoelako, eta fiskaltzari eta kazetariaren defentsari baino ez die emango horren berri.

Hirugarren aldia da auzitegiak atxiloaldia luzatzen duela. Fiskaltzak oraindik ez du bere kontrako akusaziorik aurkeztu, eta, beraz, oraindik ez du epaiketa datarik.

Gonzalez preso dago joan den otsailaren 28an atxilotu zutenetik. Kazetaria Ukrainako gerratik ihesi zihoazen errefuxiatuei buruzko informazioa lantzen ari zen preso hartu zutenean. Espioitza leporatuta espetxeratu zuten.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image