Altxa burua

All Stories

Ainhoa Juaniz: "Espero dut aseptikoak ez bihurtzea"

Ainhoa Juaniz Zirika Zirkus taldeko kidea da, eta pandemiak beren lanean izan duen eragina izan dugu hizpide. Berrerabizi ikuskizuna estreinatu behar izan zuten abenduaren 19an, baina pandemia iritsi zenean, animazioa ikuskizun bihurtu behar izan zuten, eta beren jarduna urtebete atzeratu da: "Martxoan hasi behar genuen ikuskizun berriarekin, eta ekainean estreinatu, eta urtebete beranduago estreinatu dugu. Urtebeteko atzerapena izan da, eta animaziozko emanaldia izan behar zuena, ikuskizun bihurtu da. Hala ere, lana nahiko normal egin dugu profesionalki".

Juanizek nabarmendu du oso konpainia "hurbila" direla, eta pandemiak eragina izan duela publikoarekiko harremanean: "Oso konpainia hurbila gara, jendearen artean ibiltzen gara, eta gure egiteko modua asko aldatu da. Ikus-entzunezko formatua zabaldu da, bideoak egin ditugu, Zubirin etxez etxe egin genuen ipuin lehiaketaren sari banaketa... gauzak berriak ekarri ditu pandemiak".

Ainhoak espero du "herri aseptikoa" ez bihurtzea: "Espero dut besarkadak bueltatzea, laztanak...". Era berean, nabarmendu du espero duela bueltan jasotzea artistek hilabete hauetan eman duten guztia: "Konfinamendu garaian hor egon gara, eta espero dut hor jarraitzea hau guztia pasatzen denean". Euskaraz programatzen diren ekimenetara joatearen garrantzia ere nabarmendu du Juanizek: "Euskaraz programatzen da, eta joan behar dugu. Ezin gara kexatu gero".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Pandemia taula gainean

Hiru hilabetez ez zuten antzoki bakar batean “Aforoa beteta” kartelik jarri, eta irekitzen hasi zirenean aforo aldaketak jasan zituzten behin eta berriz: hasieran %30, gero %50, ondoren %70 eta atzera %50...

Nola bizi izan dute antzezleek publikoaren aurpegirik ezin ikusi ahal izatea? Batzuentzat sorkuntzarako momentu egokia izan da pandemia; beste batzuentzat, aldiz, etorkizunera begirako beldurrak astindu dituen garaia.

Oier Zuñiga eta bere kideak Zaldi Urdina antzezlan arrakastatsua taularatzen ari ziren pandemia iritsi zen garaian, eta bira eten behar izan zuten. Denbora hori beste hainbat gauza artistiko sortzeko erabili zuen Zuñigak. Maitane Azpiroz trapezista da, eta hiru hilabe pasa zituen bere trapeziora igo ezinik, eta zaila egin zitzaion berriz ere altueraren eta orekaren artean ibiltzea. Ainhoa Juanizek adierazi du ezin dela kexatu lanean ibili delako denbora honetan, baina herritarrek kulturaren garrantziaz ohartzea espero duela nabarmendu du.

Oier Zuñiga: "Definitu ezin den giroa sumatzen da Iruñean"

Oier Zuñiga Zaldi Urdina antzezlana aurkezten ari ziren pandemia iritsi zenean; ia 5 hilabete egon ziren geldirik, 45 emanaldi bertan behera gelditu zirelako bat-batean: "Sorkuntza nire ingurua ulertzeko eta errealitatera gerturatzeko erabiltzen dut, baina errealitatea hain ezjakina, arraroa eta beldurrezkoa zenean, blokeo handia sentitu nuen". Ez jakintasun handiarekin bizi izan zuen uda, ez zekielako posible izango ote zen bertan behera gelditutako emanaldi guztiak berreskuratzea, eta beldur handiarekin bizi izan zuen: "Hasieratik genekien Zaldi Urdina hasi eta amaitu egingo zela, eta nire kezka zen: Eta gero zer?"

Zuñigak nabarmendu du ardura handiz bizi izan zituela hilabete horiek: "Gu gai izan ginen Zaldi Urdina antzezlana berreskuratzeko izandako ibilbide arrakastatsuarengatik. Lagun askoren proiektuak bertan behera gelditu dira, ordea, estreinaldiak ezin egin... Proiektu asko, ideia asko kaxoian gordeta gelditu dira".

Adierazi du egoera pandemikoan herritarrak kulturaren garrantziaz ohartu direla: "Gure lagunekin bestelako emozioak bizitzeko beharra dugula ikusi dut, ohartu gara askotariko aukerak ditugula gure herrian, eta konturatu gara Nafarroan kultur eskaintza handia dagoela". Era berean, adierazi du kultur kudeatzaileek ikusi dutela ohiko inertzietatik kanpo bazeudela aukera, inertzia edota ordutegi ezberdinak: "Ikusi dugu beste era batera egin zitezkeela gauzak, eta dena ez dela neurgailu ekonomikoekin neurtu behar; kultura inbertsio bat da etorkizuna bizitzeko".

Zentzu horretan, azaldu du Iruñean mugimendu handia egon dela betidanik, beti egon dela gauzak eragiteko beharra: "Azken bost urteetan, txikitasunetik baina beharretatik abiatutako esperientzia asko sortu dira kultur ekintzailetzarekin lotura dutenak. Sortzen ari dena baino, sortzeko modua ere garrantzitsua da: sortzen ari diren sareak, elkar elikatzeak, harremanak...".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Maitane Azpiroz: "Gelditzea oparia izan niretzat"

Maitane Azpiroz dantzari eta trapezista da, eta hainbat artista bezala, pandemiak goitik behera aldatu du bere bizitza. Pandemia garaian antolatutako ekintzetan energia handia jarri behar izan dute: "Ilusio handiarekin egiten dugu gure lana, eta indar handia daukagu gauzak aurrera ateratzeko. Elkartasun handia ere izan dugu gauzak aurrera ateratzeko, kultur teknikarien zein artisten aldetik, gizarteak era batera edo bestera sufritu duen tristura eta ezinegon hori leuntzeko". 

Pandemia gogorra izan dela dio, baina uste du beraientzat ez dela oraindik gogorrena iritsi: "Hilabete hauetan guztietan hainbat pieza estreinatu gabe gelditu dira, eta ez dago nahikoa merkaturik horiei guztiei aterabidea emateko". Horrez gain, instituzioen aldetik diru gutxiago jasoko dutela uste du. Pandemia garaian, berak ez zuen etxean trapezioa jartzeko aukerarik, eta hiru hilabeteren ondoren oso gogorra izan zen bueltatzea. Hala ere, uste du jendea animatuta dagoela, eta formakuntzak eskaintzeko une egokia dela deritzo: "Pandemia iritsi zenean bertan behera utzi behar izan zituen 4 edo 5 kurtso; ez zen errentagarria ikastaroak antolatzea".

Pandemia iritsi zenean gizartea oso estresatuta zegoela uste du, eta berarentzat "oparia" izan zen gelditzea: "Gelditzea oparia izan zen niretzat, nire buruarekin topatzeko, zer egin nahi dudan, zertarako nagoen hemen... Geldialdi horretan sortu zen konpainia, eta egia esan, lehen konfinamenduaren ondoren konfiantza handia nuen bizitzan; asko falta zaigu, ordea, honetatik guzitik zerbait ona ateratzeko". Metafora ikusi du gizarteak behar izan duen zaintzaren eta beraiek eguneroko lanean behar izan dutenaren artean: "Gizarteak behar izan duen zaintza guk eguneroko lanean behar dugu".

Era berean, adierazi du gizarteak bizi izan duen beldurra gehiegizkoa izan dela, eta blokeo egoerak eragin dituela. Zentzu horretan, zirkoak beldurrarekin bizitzeko, eta beldur horrekin zer egin erabakitzeko tresnak ematen dituela nabarmendu du.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Arduratsu jokatu al dute komunikabideek pandemia garaian?

Herritarrok informazio egarri handia izan dugu pandemia garaian, koronabirusarekin lotutako albisteekin obsesionatzeraino. Informazio fidagarria jaso dugu, baina baita fake news-ak ere. Anabas honetan, kazetarien lana ez da erraza izan, eta horrez gain, digitalizazioaren prozesua azkartu egin behar izan dute hedabide askok eta askok.

Nola bizi izan dituzte hilabete hauek? Zein zailtasun izan dituzte? Juan Kruz Lakasta, Ibai Fernandez, Uxue Rey eta Unai Beroizi galdetu diegu. Ez galdu 'Altxa Burua' saioa!

Juan Kruz Lakasta: "Kazetaritza kritikoa egitea oso zaila izan da"

Juan Kruz Lakastak nabarmendu du "muturreko egoera latza" izan dela; zentzu horretan, egoera horretan komunikabideei agintari politikoen, gizartearen eta zientziaren arteko "zubi lana" egitea egokitu zaiela azpimarratu da: "Oso une nahasian zarata mediatiko handia izan da, polarizazio handia, eta espektakularizazioaren irizpideak zabaldu dira kazetaritzan ere; hori ez da batere lagungarria hildako kopuruez hitz egin behar duzularik".

Era berean, azpimarratu du hainbat hedabide beldurra hedatzen aritu direla, kontrol sozialerako mekanismoa delako: "Pandemia aprobetxatu dute horretan aurrera egiteko, eta zentzu horretan, kazetaritza kritikoa egitea oso zaila izan da". Nabarmendu du pandemiaren erdian "labainkorra" izan dela kazetaritza kritikoa eta arduragabekeria banatzen dituen muga hori, eta hainbat hedabidek "bertigoarekin" jokatu dutela azpimarratu du.

Pandemiak tokiko komunikabideak indartu dituela dio, ez dutelako soilik datuez informatu, baita gertuko errealitatez ere: "Elkar zaintzeko sortu diren sareez, auzoan edo herrian bakarrik bizi diren edadetuez, haurrentzako edukiak sortuz.. horrelako gauza asko egin ditugu eta horrek entzuleekiko feedback-a areagotu digu".

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image