Altxa burua

All Stories

Josean Villanueva: “Haurrei esker aurreko ikasturte bukaera ona izan genuela esan dezakegu"

Josean Villanueva Bernart Etxepareko orientatzailearekin hitz egin dugu haurrek pandemian izan duen eraginaz. Ikasturte "intentsioa" izan dela azpimarratu du Villanuevak; beldur ugari izan zituzten hasieran, ez zekitelako egoera nola kudeatu. Hala ere, azpimarratu du haurrek berehala barneratu zituztela segurtasun neurri guztiak. 

Era berean, adierazi du pandemiak lehenago zeuden jarrerak eta jokabideak areagotu egin dituela: "Onerako ala txarrerako areagotu ditu; dinamika onak zituzten familiak hobetu egin dituzte harremanak, baina dinamika txarragoak zituztenentzat zailtasunak areagotu egin dira". Zentzu horretan, gurasoen jarrerak haurrengan eragina duela adierazi du: "Gurasoek egoera ondo kudeatzen badute, haurrek ere hala egiten dute". Horrez gain, Villanuevak azpimarratu du maskarillak jendea ezagutzeko zailtasunak eta emozioen kudeaketa berbala lantzeko zailtasunak eragin dituela.

Ikusi Altxa Burua nahieran.

Haur eta gazteen bizipenak hizpide

Egun batetik bestera haurrak etxean sartu genituen. Parkeetan ez zen oihurik aditzen, ez eta negarrik zein barre algararik eskoletako sarreretan… Baina haiek eman digute lezio handiena; egoera ez zen erraza eta nota altuarekin gainditu dute.

Egia da denek ez dutela egoera berdin bizi: batzuk ez dute internetik izan eta klaseak jarraitzeko arazoak izan dituzte, beste batzuk denbora gehiegi igaro dute pantailaren aurrean gurasoak lanpetuta zeudelako. Hamaika bizipen bildu dituzte hilabete hauetan.

Gaurko saioan, Josean Villanueva Bernart Etxepareko orientatzaileak pandemia garaiak haurrengan izan duen eragina azalduko digu eta Nekane Lasa San Frantzisko eskolako zuzendariak ikasketen arloaz hitz egingo digu. Nerea Fillat gurasoak haurrez ahaztu garela nabarmendu digu, eta jakina, saio honetako protagonistekin hitz egingo dugu: Ibon, Erika, Ariane eta Oihan 9-10 urteetako haurrek egoera nola bizi izan duten kontatu digute.

Amaiur Feliu: "Tabernariak oso kriminalizatuak izan gara"

Amaiur Feliu Meson de Navarreria tabernako arduraduna da, eta pandemiak beraiengan izan duen eragina izan du hizpide. Nabarmendu du egoera gogorrak pasa dituztela: "Aurtengo urteari aurre egiteko soilik hipoteka bat eskatu dut lau urterako". Hala ere, adierazi du Espainiako Gobernuak martxan jarri dituen neurriek (ERTEak, esaterako) arindu egin dituztela ondorioak.

Tabernarien sektorea kriminalizatua izan dela nabarmendu du: "Navarrerian, hainbat bizilagunek argazkiak ateratzen zituzten, eta udaltzainen presentzia ere oso handia izan zen". Hala ere, galdetu du ea Mercadonan eta horrelako supermerkatu handietan ez ote dagoen birusik. Adierazi du uste zuela hainbat taberna frankiziek erosiko zituztela, baina nabarmendu du ez dela horrelakorik gertatu.

San Ferminik gabe kohesio sozial hori berreskuratzea zaila izango dela adierazi du, eta ohiturak zenbateraino aldatuko diren galdetu du: "San Ferminak orain artekoak izango dira? Kaleak beteta ikusiko ditugu berriz?", galdetu du.

Ikusi Altxa Burua saioa nahieran.

Patxi Arriada: "Hainbat lagun deus gabe gelditu dira egun batetik bestera"

Totem aretoan jatetxe izateaz gain, kontzertuengatik ere bada ezaguna. Pandemia iritsi zenean, harriduraz hartu zuten, eta etengabe galdetzen zioten ea zer pasatzen ari zen. "Nahiko gaizki" pasa dutela adierazi du Arriadak, eta agintariek hartu dituzten zenbait neurri "ulergaitzak" direla adierazi du: "Ez dugu ulertzen tabernaren barruan hainbat protokolo egotea, eta hemendik kanpora nahi duguna egin ahal izatea; gaizki ikusiak izan gara".

Polizia lanak egin behar izan dituzte, eta horrek "barneko mina" eman diela nabarmendu du: "Ez da erraza gertuko pertsonei esatea zer egin behar duten". Proiektuaren gibeletik hainbat pertsona daudela nabarmendu du, eta horietako asko "deus gabe" gelditu direla adierazi du. Hala ere, aurrera egiteko gogoz daudela azpimarratu du.

Ikusi 'Altxa Burua' saioa nahieran.

Argia tunelaren amaieran?

Ostalariek hilabete gogorrak pasa dituzte pandemiaren ondoriozko neurri murriztaileengatik, eta askok arriskuan ikusi dituzte beren negozioak.

Hilabete hauek nola bizi izan dituzten kontatu digute Eneko del Vallek (Napargar), Amaiur Feliuk (Meson de Navarreria), Patxi Arriadak (Totem aretoa), Katrin Guineak (Geltoki) eta Nerea Fillatek (Katakrak). Ez galdu Altxa Burua saioa, Reyes Ilintxetarekin.

Pandemiaren soinu banda

Zeinen arraroak izan diren pandemia garaiko kontzertuak: aulkian eserita, bereizita, musukoa jantzita, edaririk ez eskuan… Arraroak bai, baina gutxienez itzuli dira aurrez aurreko zuzeneko musika saioak.

Streaming bidezko emanaldiei esker eramangarriagoa izan da etxealdia. Musikariek izugarrizko ahalegina egin zuten, dohainik, guri musika eskaintzeko. Kontzertuak, bideoklipak, elkarrizketak… denetik ikusi eta entzun genuen etxean konfinatuta egon ginen garaian.

Ibil Bedi eta Chill Mafia Iruñerriko taldeek izugarrizko arrakasta lortu dute azken hilabeteetan, eta Adrian Alegria DJak bere jarduna eten behar izan du. Zein eragin izan du pandemiak beraiengan? Eta beren sorkuntzan? Nola irudikatzen dute etorkizuna? Reyes Ilintxeta kazetariaren galderak erantzunez solasaldi ederra izan dugu beraiekin.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image