Altxa burua

All Stories

Pandemiak erdigunera ekarri al ditu zaintza lanak?

Emakumeok historikoki arduratu gara zaintza lanez, eta pandemia iritsi zenean jendartean horren kontzientzia piztuko zela zioten batzuk, behin betiko aldaketa estrukturala gertatuko zela. Hori gertatu al da azkenean?

Nerea Fillatek eta Amaia Nausia Pimulierrek argi dute: zaintza-lanekiko ardura falta ez da pandemiaren ondorioz etorri, eta egoera honek gure gizartearen arazo estruktural guztiak argitara atera besterik ez du egin. Emakumeek telelana eta haurren zein adinekoen zaintza uztartu behar izan dituzte, eta horrek estres handia eragin die. Zer egin beharko genuke egoera aldatzeko? Ez galdu aste honetako saioa.

Ikusi Altxa Burua saio guztiak nahieran.

Amaia Nausia: "Emakumeen jarduna etengabea izan da pandemia garaian"

Amaia Nausiaren iritziz, historikoki krisialdietan emakumeengan erori da zaintza lanen ardura, eta berdina gertatu da orain ere: "Itxialdia hasi zenean esaten zen lanak banatuko genituela, biak etxean egonda zaintzak aldatuko zirela, baina kontrakoa ikusi da. Valentziako Unibertsitateak ikerketa bat egin zuen, eta hor agerian gelditu da itxialdiko pertsona estresatuenak telelanean ari ziren amak izan zirela". Itxialdi ondorengo ezegonkortasunean soldatarik gabeko oporrak edota jardunaldi murriztuak eskatu dituztenak emakumeak izan direla azpimarratu du. Adierazi du emakumeen jardunaldia etengabea izan zela: "Ez jardun produktiboak, ez eta zaintzarenak ere ez zuen amaierarik".

Bere esanetan, emakumeek ordaintzen dute prezio bikoitza horrelako krisialdien aurrean sistemak ez badu malgutasunez jokatzen: "Sistema kapitalista patriarkal honetan zaintza-lana aurreikusita ez dagoenez, ez du erantzun egokirik horrelako lurrikara batean aurrean. Horregatik, sistema aldatu behar dela aldarrikatzen dugu".

Nausiak nabarmendu du eskaintza unibertsala eta berdina izan behar dela, eta beraz, publikotasunaren aldeko pausoak eman behar direla azpimarratu du, horrek emakumeen lana murriztuko lukeelako eta gizartearentzako ere onurak ekarriko lituzkeelako: "Kapitalismoaren mantra da pribatizazioaren eskutik hobeto kudeatzen dela, baina hori ez da egia, interes ekonomikoak daudelako tartean. Estatuaren lana izan beharko litzateke giza-etekinari begiratzea".

Pandemiari aurre egiteko modua oso hierarkikoa, disziplinatzailea eta patriarkala izan dela nabarmendu du, eta adierazi du ongizatea osasuna baino gehiago den arren, buru osasuna eta beste ongizate mota batzuk ez direla zaindu: "Historiagilea naizen aldetik, gaur egungo moduek XVI. mendeko disziplinamendua gogoratu didate: esatu modernoa eraiki behar zenean, jarrera publikoak eta pribatuak indartu behar ziren bake soziala eraikitzeko eta estatua indartzeko, oso modu paternalistan, erru indibidualaren diskurtsoarekin, eta zentzu horretan, atzerapauso ikaragarria izan da".

Ikusi Altxa Burua osorik nahieran.

 

 

Nerea Fillat: "Zaintzarik gabe mundua ez da mugitzen"

Nerea Fillaten iritziz, sindemia honek ez du zaintzarik erdigunera ekarri. Zaintzen eztabaida oso sakona dela dio, eta hainbat tokitatik eutsi dakiokeela. Galdera luzatu du: Zer da zaintzak erdigunera ekartzea horrelako sindemia garaian?

Fillaten esanetan, umeak beren etxeetan sozializaziorik gabe itxita mantentzea, erresidentzietan adinekoak errespeturik gabe zaintzea, pertsonak bakarrik hiltzen uztea, etxetik kaleratu dituztenak edota paperik gabe daudenak gaizki tratatzea... ez da zaintzak erdigunea ekartzea: "Nire sentsazioa da zaintzei dagokienean ezer gutxi ekarri dugula erdigunera".

Fillatek nabarmendu du oso momentu gogorrak izan direla pertsona askorentzat, norbaitek egin behar izan duelako Estatuek bere gain hartu ez dituzten zaintza lanak: "baldintzarik egon ez bada ere, norbaitek zaintza lanak egin ditu, eta sistemak aurrera egin du, baina nork egin du hori?" Bere esanetan, Covid19a aitzakia izan da eguneroko estresa beste koska bat igotzeko, eta eguneroko estresaz hitz egiten denean, zaintzaren krisiaz hitz egiten dela dio.

Fillatek adierazi du zaintza erdigunera ekartzeko ezer gutxi egin dutela gobernuek: "Ez da erresidentzia publiko bat sortzeko planik egin, osasungintza publikoaren aurrekontua ez da bikoiztu...". Bere iritziz, "indar kolektiboa" falta izan da sakoneko aldaketak eragiteko: "Krisiaren ondoren aukera genuen hori dena gertatu ahal izateko, baina horretarako, ezinbestekoa da politikoki antolakuntza sakonagoa izatea. Ez zaio publikotasunari zentralitaterik eman, gizarte gisa ez dagoelako horren eskera edo oihartzurik, eta hor dago gure muga".

Ikusi Altxa Burua osorik nahieran.

 

 

 

"Kendu diguten guztia berreskuratu nahi dugu"

Chill Mafiako taldekideentzat hilabete arraroak izan dira pandemia garaikoak. Beren iritziz, gazteria kriminaliatua izan da, eta erakundeek gazteengan jarri dute gertatu denaren errua. Poliziaren presentzia oso handia izan dela diote, baina azpimarratu dute presentzia hori ezberdina dela Iruñeko auzo ezberdinetan; isunak ere jaso dituzte hilabete hauetan.

Lehengora bueltatzeko gogoz daudela dio: "Presiorik gabe parrandara ateratzeko, kontzertuak zutik ikusteko... kendu diguten guztia berreskuratu nahi dugu". Horrez gain, ez dute nabaritzen pandemiak herritarrak aldatu dituenik: "Nik ez dut mitifikatu nahi; pandemiatik ateratzen ari gara, baina bizitza oso zaila dugu aurretik".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Maider Perez de Villarreal: "Gizartea gazteen epaile bihurtu da"

Maider Perez De Villarreal unibertsitateko irakaslea da, eta pandemiaren aurretik eta ondoren jarrera demokratikoak eta balio zibikoak aldatu egin ote diren aztertu dute ikerketa batean. Galdeketa bat prestatu dute, lau dimentsiotan oinarritutakoa (printzipio demokratikoen balorazioa, parte hartzea eta erantzukizun soziala, pertsona barruko trebetasunak eta pertsonen arteko trebetasunak). Unibertsitateko lehen urteko gazteek hartu dute parte ikerketan, eta pandemiak ekarritako aldaketek beraiengan izan duten eragina aztertu dute.

Ikerketan ateratako ondorioen arabera, gai sozialekiko interesa handitu egin da, eta erakunde publikoen gardentasunari buruzko interesa ere piztu egin da gazteen artean. Era berean, kudeaketa emozionala handitu egin da, eta pertsona barruko trebetasunak garatu egin dituzte. Adinekoekiko errespetua, eta zaintzarekiko konpromiso sendoagoa ikusi dute gazteen artean, eta migratzaileekiko zein giza eskubideen aldeko interesa ere handitu egin dela ikusi dute. Emaitzak "oso positiboak" izan direla dio.

Gizartea gazteekiko epaile bihurtu dela dio: "Nik gazteengan sinisten dut; kontuan izan behar dugu herritarrok harreman sozialak behar ditugula, eta are gehiago, gazteen adinean. Oso garrantzitsua da laguntasuna sentitzea, elkartasuna... oso polita da elkarrekin nola hazten diren ikustea, eta konfinamenduak hori kendu die". Horrez gain, Maiderren iritziz, gazteek kritikotasun handiagoa garatu dute pandemia garaian: "Lehen otzanagoak ginen; kritikotasun handiagoa garatu dugu pentsatzeko informazioa iturri fidagarri batetik datorren edo ez". Era berean, balio zibikoak eta jarrera demokratikoen arloko interesa mantenduko dela uste du.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Pandemia eta gazteak

Azkenaldian guztion ahotan ibili dira gazteak, eta hainbatetan agerraldi berrien erruduntzat jo dituzte. Kolektibo horretaz hitz egin beharrean, kolektibo horretako kideei eman diegu hitza gaurko saioan. Jon Etxeberriak eta Mikele Lopez de Hozek konfinamenduaz, laguntasunaz eta kontrolaz hitz egin dute Reyesekin.

Chill Mafia taldeko kideek gazteen kriminalizazioa gehiegizkoa izan dela azpimarratu dute. Bere aldetik, Maider Perez de Villarreal unibertsitateko irakasleak gazteei buruzko ikerketaren ondorioak azaldu dizkigu.

Ikusi Altxa Burua saio guztiak nahieran.

"Zaila izan da ikasketak etxetik jarraitzea"

Ion Etxalar eta Mikele Lopez De La Hoz batxilergoa amaitu, eta unibertsitatean hasi dira ikasturte honetan. Pandemia garaia "nahiko zaila" izan dela dio, baina Mikelek adierazi du "konturatu gabe" pasa zaiola: "Nahiko arraroa izan da, baina, orain, perspektibarekin begiratuta, konturatzen naiz zenbat gauza galdu ditugun".

Pandemia garaian, klaseak online jaso zituzten, eta nabarmendu dute ez zutela gauza handirik ikasi: "Klase eta azterketa guztiak online egin genituen, eta zaila izan da ikasketak etxetik jarraitzea". Etxalarren arabera, ikasleen eta irakasleen arteko harremana zaildu egin du klaseak online izateak: "Minutu bateko zalantza argitzen zenuenerako, bost minutu pasatzen ziren. Gero, klasera bueltatu ginenean, inoiz faltan botatzea espero ez nuen gauzak bota ditut faltan: ondokoarekin hitz egitea, esaterako".

Mikeleren arabera, "oso zaila" izan da bigarren batxilergoa afaririk gabe, edota lagunekin irten gabe egitea. Horrez gain, gertuko lagunez gain, jende berria ezagutzea oso zaila izan da, eta hori faltan bota dute: "Selektibitatean konturatu nintzen lehenago bistaz ezagutzen nuen jendea, gure adin beretsuko jendea, toki berean elkarrekin ikustearen beharraz".

Etxalarrek ez du uste gazteak kriminalizatuagoak izan direnik, baina Mikeleren iritziz, gazteen aurkako jarrerak zabaldu dira pandemian.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image