Martxoaren 8ko mobilizazio deialdiei buruz hitz egin dugu Estitxu Garairekin. Nabarmendu digu aurtengoa berzia izango dela pandemiagatik baina hala ere beharrezkoa dela kalera irtetea. Batez ere kontutan izanda nortzuk diren mobilizazio hauen aurka ozenen hitz egiten ari direnak.
Horrez gain, Gernikako estatutuaren beste eskumen batzuk transferitzeko Jaurlaritza eta Sanchezen gobernuaren arteko bilerei buruz ere hitz egin dugu.
Asteburuan kirolak emandakoari buruz hitz egin dugu Ane Urkiri kazetariarekin. Gizonezkoen lehen mailan izandako Alaves eta Osasunaren aurkako derbiari buruz, GBC eta Bilbao basketen artekoari buruz eta Bera Bera eta Zuazoren artekoari buruz hitz egin digu hasteko. ondoren, emakumezkoen futbol ligan euskal taldeek jokatutako partida atzeratuei buruz jardun dugu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia eta Teknologia plana ekarri digu gaur Gakoak saiora Eguzki Urteagak. 2008ko krisia gainditzeko Espainiak hartutako bideari muzin egin eta ikerkuntzan, berrikuntzan eta kalitatean oinarritutako eredu baten alde egitearen garrantzia azpimarratu digu.
Horrez gain, Alsazian eratu berri duten Elkargo Europarrari buruz eta izango dituen eskumenei buruz ere jardun dugu, eta baita Qatarren 2022an egitekoa den Munduko Futbol Kopa dela eta egiten ari diren eraikuntza lanetan hildako milaka langile migratzaileei buruz ere.
Tubacexeko lan gatazkari buruz hitz egin digu Alfre Elgezabalek. Bertako bi langilerekin hitz egiteko aukera izan du. Erpin asko dituen gaia dela azaldu digu, eta baita enpresak kaleratu asmo dituen 150 langileetako asko emakumeak direla ere.
Horrez gain arrantza sektorearen egoerari buruz ere jardun dugu. Sektorea ez dago bere unerik onenean, baina Ondarroako Kofradian egindako berrikuntza bezalako esperantza printzak ere baditu. Sektoreari laguntzeko, arrandegira joatean Euskal Herriko arrantzaleek arrantzatutako arrainak erostearen garrantzia azpimarratu digu.
Europako Parlamentuko Gai Juridikoetarako Batzordeak Puigdemont, Comíne ta Ponsatíren immunitatea kentzeko egindako gomendioari buruz hitz egin dugu Beñat Zalduarekin. Espero izatekoa zela esan digu, baina orain Parlamentuari berari dagokiola azkenean immunitate hori kentzen dien ala ez erabakitzea.
Horrez gain azken egunotan Mikel Zabalzaren eta Lasa eta Zabalaren tortura eta hilketa kasuei buruz entzun ahal zian ditugu grabaketei buruz ere jardun dugu.
Gaur betetzen dira 40 urte Madrilgo Kongresuan estatu kolpe saiakera bat egin zenetik. Urteurrena dela eta egin duten ekitaldiari buruz hizketan ekin diogu gaurko tarteari Estitxu garairekin. Gaurkoak agerian uzten du, bere esanetan, monarkiak estatu espainiarrean duen legitimitate falta.
Horrez gain, azken egunotan Mikel Zabalza eta Lasa eta Zabalaren kasuei buruz publikatu diren audioen inguruan ere hitz egin dugu, eta baita Miren Larrionen dimisioari buruz ere.
Gizonezkoen futbol ligan euskal taldeek asteburuan egindakoa errepasatu dugu Ane Urkiri kazetariarekin. Horrez gain, eskubaloian Bidasoa eta Anaitasunaren arteko derbiari buruz hitz egin dugu.
Gure mugetatik at baina, Liz Mills saskibaloi entrenatzaile australiarrari buruz hitz egin digu Urkirik. Australiarra da Mills, baina Afrikan jardun du batez ere entrenatzaile gisa. 28 urtetan lehen aldiz Kenia AfroBasket txapelketara sailkatuta, edozein kiroletan gizonezkoen selekzio bat kontinente mailako txapelketa batera sailkatzen duen lehenengo emakume entrenatzailea da Mills.
Asteburuan Bidasoa ibaiaren inguruak erre dituen suteak Ipar Euskal Herrian izandako eraginei buruz hizketan ekin diogu gaurko tarteari. Borda pare bat eta etxebizitza bat ere erre dituzte garrek, baina zorionez ez da biktimarik izan.
Bestalde, Covid-19aren aurrean estatu frantziarrak hartutako azken neurriei buruz ere hitz egin dugu, eta baita txertaketa prozesuari buruz ere. 17.000 lagunek jaso dute dagoeneko txertoa bertan.
Amaitzeko, Baionan ikusgai dagoen 'Emazteak itzaletik argitara' erakusketaren nondik norakoen berri eman digu.
Katalunian hasi da dagoeneko gobernua osatzeko negoziaketen jokoa. Eguzki Urteagak azaldu digu ERCk zentralitatean kokatzen duela bere burua, eta horrek errezatu egin diezaiokeela gobernu akordioa erdiestea alde batera zein bestera begira negoziatzerakoan.
Negoziaketak negoziaketa, gauza jakina da gobernu independentista izango dela Kataluniakoa, Kanakiakoa izango den modu berean. Independentistek irabazi dituzte bertan hauteskundeak, Ozeano Barean dagoen nazioan egindako azken bi independentzia erreferendumetan ezezkoa gailendu den arren. Gobernu independentista honen lana izango da ordea hirugarren erreferendum hori antolatzea.
Amaitzeko, Frantziako klimari buruzko lege-egitasmoari buruz jardun dugu. Herritarren konbentzioaren proposamenak aintzat hartuko zituela adierazi ondoren, proposamen horien %30a bakarrik hartzen du kontutan gobernuaren lege-egitasmoak.