Gurean Gaur

All Stories

Egun erabakigarria dute Gasteizko Mercedesen

Gehiengo sindikalak eta zuzendaritzak adostutako aurreakordioa bozkatzen ari dira erreferendumean. Lan-hitzarmen berriak soldata-igoera barnebiltzen du, baina ez KPIari lotuta. Langileek erosteko ahalmena galtzen dutela salatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek, akordioa ez dutenak babestuko. Hura onartzeak 1200 milioi euroko inbertsioa bermatuko duelakoan, “presioak” salatu dituzte hiru sindikatuek.

Aurreko asteko lanuzteek %95eko jarraipena izan zuten, nahiz eta aurre-akordioa lortu zen. Bi erantzun mota izango ditu galdeketak: AKORDIOA BAI edo AKORDIOA EZ. Emaitza astearteko 03:00ak aldera jakingo da.

40 gradutik gora Euskal Herri osoan

Beroak ez du atsedenik ematen, gaur 40 gradu inguru espero dira Euskal Herrian osoan. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa iparraldea alerta gorrian daude. Nafarroa barrualdean eta Ipar Euskal Herrian, berriz, alerta laranja dago. Baso-sute arriskuagatik, Araban eta Nafarroako Erriberan alerta gorria ezarri dute. Gaur arratsaldean kostaldetik ipar-mendebaleko haizea sartuko da eta giroa freskatzea espero da. Bitartean, hidratatuta mantentzea eta leku freskoetan egotea da gomendagarria.

Amaiurko batailaren 500. urteurrena; historia ezagutzea, aitzinera egin ahal izateko

Euskal Herri osoko hainbat ordezkari politiko eta instituzional bildu dira Amaiurren, batailaren bosgarren mendeurrena gogoratzeko. Gaztelu elkarteak, Aranzadik eta Amaiurko herriak berak antolatu dute ekitaldia.

Dantzaz eta musikaz omendu dituzte gazteluaren defendatzaileak, oroimena eta burujabetza aldarri. Guztira, Euskal Herri osotik etorritako zortzi dantza talde elkartu dira.

Amaiurko eta Baztango alkateek lore eskaintza egin dute 1922an eraikitako monolitoaren aurrean. Gaztelu abesbatzak "Nafarroa arragoa" eta "Nafarroako ereserkia" abestu ditu ere.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image