Elkarrizketa

All Stories

Jone Zalduegi: 'Haurrak ez dira pantaila batekin jaiotzen, pantailak guk eskaintzen dizkiegu'

Jone Zalduegi Emoki-ren sortzaile eta bertako hezitzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Teknologiarekiko gehiegizko mendekotasunak, "adikzioak", dituen eragin kaltegarriak aztertu ditugu, ez soilik nerabe eta gazteen kasuan, baizik eta gizarte osoari eragiten dion afera delako. Non daude mugak? Zenbateraino da onuragarria teknologia tresnen erabilera hezkuntzan? Nola eragiten die haurrei? Helduok ispilua garela aipatu du Zalduegik, eta hausnarketarako eta heziketarako bideen garrantzia azpimarratu du.

Eneko Mendiluze: 'Psikologia eta euskara uztartuz, eduki baliagarriak eskaintzen ditu Gunetuzek'

Eneko Mendiluze UEUko Psikologia sailburua eta Gunetuz sareko kidea izan dugu Hamaika Telebistan.

Psikologia eta euskara uztartzen dituen webgunea da Gunetuz. Mendiluzek adierazi duenez, psikologia tresnen % 3a baino ez dago euskaraz, "psikologo euskaldunok horri erantzuteko ardura ikusten genuen". Hala nola, gizarteari eduki baliagarriak eskaintzeko helburuarekin, euskal psikologoak elkartzen dituen sarea da Gunetuz.

Weguneak atal ezberdinak biltzen ditu, albisteak, ikastaroak, informazioa eta eztabaida guneak, besteak beste. Mendiluzek azaldu duenez, gainera, psikologia arloan euskara oso maila akademikoan dago, eta akademikotik haratago kale-mailako hausnarketak eskaini nahi ditu.

Julen Orbea, Bizkaia Hari Gorria: 'Memoriak etorkizunerako lanabes gisa balio beharko luke'

Julen Orbea Bereikua Bizkaia Hari Gorria dinamikako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

85 urte dira faxistak Bizkaira sartu zirela, “hori oroitu eta gertaera hura lanabes gisa balio beharko luke etorkizunerako” azaldu du Julenek, “errauts haietatik altxatzea lortu genuen eta etorkizunera begira gaude”. Iragana, oraina eta etorkizunerako borroka lotzen ditu hari gorriak. “Historian 85 urte ez dira asko, ezin dugu gertatutakoa ahaztu” adierazi du. Faxismoaren aurrean zutitu eta gaurko begiradatik ikasi eta hausnartzeko unea dela azaldu du Julenek.

Bestalde, Bizkaiko edozein herriri borroka bat atxikitzen zaiola gogorarazi du: "Ezin dugu Bizkaia ulertu Dolores Ibarruri, Periko Solaberria, Gabriel Aresti edo Maurizia Aldaiturriaga barik adibidez".

Jon Ander Egaña: 'Bertoko produktuak kontsumitzeak duen eraginaz jabetu behar gara'

Jon Ander Egaña Basque Food Clusterreko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Euskadiko elikaduraren balio kateko elkartea da Basque Food Cluster, lehiakortasun sektoriala sustatzen duena. Egun, elikadura sektoreak bizi duen egoeraz galdegin diogu. Izan ere, une zailak bizi izan ditugu azkenaldian, tartean, pandemia, garraiolarien greba eta Ukrainako gerraren ondoriozko inflazio altua. Egoerari eutsi eta aurre egitea baino ez dela geratzen azpimarratu du Egañak. Azaldu duenez, pandemia aurretik elikadura sektorearen proiekzioa ona zen eta pandemiak erakutsi du elikadura sektoreak ondo funtzionatu duela.

Gerrak ordea, elikadura sektorean tentsio uneak eragin dituela azaldu du; elektrizitate eta energiaren garestitzearekin batera material batzuen eskasia eragin baitu, tartean, ekilore oliorena. Berebat, gehitu du nahiz eta Ukrainako gerra luzatu, ez dela elikagai eskasiarik egongo. Ekilore olioaren gabeziari aurre egiteko, aldiz, neurriak hartzen hasiak direla azaldu du bai Europan zein Estatu mailan.

Horrez gain, garraiolarien grebak funtzionamendu kateak apurtu dituela esan du, gehituz, agian, egoera hori izan dela pandemia baino zailagoa. Hala ere, baikor agertu da Elikadura Klusterreko zuzendaria, eta enpresak egoera desberdinetara egokitzeko gaitasunaren garrantzia jarri du mahai gainean.

Sektorea gehien kezkatzen duena, prezioen igoerak eta kontsumitzaileen erantzunak direla adierazi du. Kontsumitzaileen eskaerak eta portaerak ditu abiapuntu Klusterrak. Egañak adierazi du ohiturak egunetik egunera aldatzen ari direla, eta produktu jasangarriagoak eta osasuntsuagoak eskatzen ari direla kontsumitzaileek. Prezioan soilik arreta ez jartzea eskatu du Elikadura Klusterraren zuzendariak; baizik eta osasunean, ingurumenean eta ekonomian duten inpaktuan, eta ildo horretatik tokiko produktuen aldeko apustua bultzatzeko aukera bat zabaltzen dela azaldu du.

Nafarroa Berriz Altxa: 'Burujabetza ezinbestekoa da XXI.mendean ditugun erronkei aurre egiteko'

Nafarroa Berriz Altxa herri ekimeneko kidea den Joseba Compains elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Amaiurko batailaren 500. urtemuga aprobetxatuta, “errepublika aske eta burujabe batera” joateko prozesuari hasiera eman nahi dio Nafarroa Berriz Altxa plataformak, ekainaren 5rako deitu du Amaiurraldia. Ekimenari buruz eta plataformaren helburuei buruz luze aritu gara Compainsekin.

Nafarroako eta Euskal Herri osoko herritarrek burujabetzarako beharra dutela aldarrikatzen dute. Horretarako, iraganera begira jarri dira etorkizunari bide emateko. Amaiurraldia "oroitzapenerako eta aldarrikapenerako" eguna izango dela dio, baina "gaurkotasun handikoa" badela azpimarratu du.

Nafarroa Berriz Altxak burujabetza aldarrikatzen du "erabakien gaineko burujabetza" izateko; esparru guztietan (ekonomikoa, politikoa, kanpo harremanetan)... eta esparru politiko instituzionaletik baino, "herri mugimendutik" etorriko dela uste dute. Euskal Herriak XXI. mendean dituen erronkei aurre egiteko burujabetza ezinbestekoa dela uste dute.

Ekainaren 5eko aldarrikapenerako egun horren ostean, "hausnarketarako fase bat" abiatuko dutela iragarri du Compainsek, mugimendu gisa, burujabetzaren bidean pausoak definitzeko eta etorkizuna erabakitzeko.

Agus Hernan: 'Presoen gradu progresioak eta baimenak mesedeak diren ideia deseraiki behar da'

Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Auzitegi Nazionala, espetxeetako zaintza batzordeen iritzien aurka, presoen baimen nahiz hirugarren gradurako eskaerak "ia modu sistematikoan" atzera botatzen ari dela salatu du. Auzitegi Nazionala da presoen irteerak blokeatzen ari dena, espetxeetako zaintza batzordeen iritziaren aurka. Martxoaren 25era arte bildutako datuen arabera, 76 baimen ukatu dira, 34 pertsonari eragiten dietenak.

Legea, ordea, argia da. Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluak zehazten du presoen birgizarteratzea dela espetxe politikaren funtsa. Baina euskal presoei ez zaie birgizarteratzea onartzen, tartean bigarren graduan egonik irteera baimenak ukatzen zaizkie.

Gradu progresioetan aurrera egiteko baldintzetako bat da egindako minaren aitortza egitea; bide hori hartu dute hainbat euskal presok, baina Hernanek salatu du Audientzia Nazionaletik erantzun estandarizatuak jasotzen dituztela indibidualki eginiko idatzien aurrean. Ez hori bakarrik, baizik eta espetxeek gradu progresioaren harira hartutako erabakien aurka helegiteak "ia sistematikokI" jartzen dituela adierazi du.

ETAren jarduera armatuaren amaieratik hamar urtera, egoera "ulergaitza" dela deitoratu du Hernanek. EPPKko presoek hartutako erabakiei eusteko eskatu die, hasitako bidean aurrera jarraitzeko nahiz eta egoerak frustrazioa ekartzen duen.

Auzitegi Nazionalak euskal presoak birgizarteratzeko ibilbideak oztopatzen ari dela salatu du Hernanek, "izugarrizko tapoia" sortzen ari dela azaldu du. Dena den eta aurrerapausoen aurkako lobby bat dagoen arren, “poliki-poliki azaleratzen ari da legedia arrunta betetzearen aldeko kontsentsua.

“Bake prozesuan eraikitzeko prozesuan” garela azaldu du, eta bide horretan gizarte zibilaren funtzioa “argia” dela dio. Instituzioak eta alderdi politiko, sindikal eta eragile sozialek “kontsentsu minimo” batera heldu direla nabarmendu du. Biktimek “ahalduntze prozesua” bizi dutela eta euren ahotsa “pisua hartu” duela. Zentzu horretan, urrats garrantzitsu eta esanguratsuak ematen ari direla uste du. Biktimak, presoak eta memoria kritiko inklusiboan pixkanaka “egoera berriak kontsolidatzen” ari direla, alegia.

Hainbeste urte euskal presoei aplikatu zaien “salbuespenezko politika” eta gaur egun Audientzia Nazionalean gertatzen ari denara "ohituta" gaudela dio; eta badagoela pentsatzen duenik hirugarren gradua ez dela espetxean egotea; hala nola gradu progresioak "mesedeak" direla. Hernanek argi azaldu du espainiar Konstituzioak hitzartutako eskubideak direla gradu progresioak eta bestelako urratsak, eta ez inolako benefiziorik; “Hau da Euskal Herrian ere deseraiki beharreko ideia bat”, gehitu du.

Imanol Zinkunegi eta Miren Berasategi: 'Orkestra Lurtarra animaziozko komedia zoro bat da'

Orkestra Lurtarra animaziozko filmeko Imanol Zinkunegi zuzendaria eta Miren Berasategi ekoizlea elkarrizketatu ditugu Hamaika Telebistan.

Apirilaren 8an estreinatuko dute zinema aretoetan filma. Harkaitz Canok 2014an idatzitako izen bereko liburuan oinarrituta dago, Euskadi Literatura Saria jaso zuen urte horretan. Lotura Films ekoiztetxeak istorioa egokitu eta gaurkotu du. Miren Berasategi da ekoizlea, eta zuzendariak Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce. Lehen biak izan ditugu gonbidatu nagusi.

Imanol Zinkunegik azaldu duenez, liburuan dauden pertsonaia batzuk mantendu dituzte filmean, baina pertsonaia berriak ere badaude. Musika aldetik, gaurko musika erabili dute klasikoa beharrean.

Manu izeneko mutil ameslaria da protagonista. Musika-banda bat sortu nahi du, eta horretarako, laguntza eskatzen die bere lagunei. Horixe da filmaren abiapuntua; eta hemendik aurrera banan-banan azaltzen zaizkigu pertsonaia xelebre eta bereziak. Musikak, beraz, garrantzi berezia hartzen du film honetan. Joseba Ponce ibilbide luzeko musikaria eta zuzendariaren eskutik idatzitakoa. Hainbat euskal musikarik ere 'kameoak' egiten dittuzte marrazki moduan; modu "errealista" batean.

Miren Berasategi ekoizleak nabarmendu duenez, Lotura Films-ek egitendituen lanak "euskaraz sortuta mundura bidaiatzen dute". Izan ere, estreinaldia Euskal Herrian ez ezik, beste hizkuntza batzuetara itzuli da eta Katalunian zein Espainian ere ikusgai izango da Orkestra Lurtarra.

Film familiarra dela azaldu du Berasategik, 6-8 urtetik aurrera, baina baita helduek disfrutatzeko pelikula ere; umorea eta ukitu "ganberroak" dituena.

Pandemiaren ondorioz bizitako testuingurua gogoan, zinema-aretoak betetzeko deia egin dute ZInkunegik eta Berasategik. "Zineman ikusteko moduko filma da honakoa, musikak hartzen duen garrantziagatik, besteak beste", aipatu dute. Apirilaren 8an izango da estreinaldia.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image