Elkarrizketa

All Stories

Maria Ruiz de Gopegui: 'Aldaketa klimatikoa kontu politikoa eta soziala ere bada'

Gaurkoan Maria Ruiz de Gopegi Klima Aldaketa Ikergai taldeko kidea izan dugu Hamaika Telebistan.

Urte batzuk badi klima larrialdia erdigunean jarri zenetik, Mariak azaldu duenez, askotan esan da aurrera eramaten ari den modeloa ez dela egokia eta benetako aldaketa bat behar dugula, naturari eta energia berdeei indarra emango diena. Horrez gain, askok aldaketa klimatikoa zientziarekin lotzen dutela azaldu du, baina, zientifikoaz gainera, kontu politikoa eta soziala ere badela nabarmendu du Mariak. Erronka multisektoriala dela adierazi du, eta gauzak errotik aldatzeko ikuspegi zabala eta transbertsala behar dugula izan.

Halaber, mende amaierarako batez besteko tenperaturak igo egingo direla aurreikusten dela azaldu du, eta balitekeela izotz boladak desagertzea. Ildo horretan, prezipitazioetan ere aldaketak izango dira, hots, azaldu duenez, hilabete batzuetan ur eskasia aurreikusten da; bestalde, prezipitazioak direnetan muturrekoak izango dira, eta honek eragin zuzena izango du hondartzetan itsasoko mailak nabarmen egingo duelako gora.

Berebat, hirigintza eredua aldatzeko beharra azpimarratu du, orain arteko hiria produktibitatearen aldeko izan dela, efizientzia ekonomikoa erdigunean izan duena, zaintza alde batera utzita. Hala, natura hirietan integratuko duen modelo baten beharra aldarrikatu du.

Jon Kortazar: 'Ukrainaren narratiba nazionalaren zentro bihurtu dira ultraeskuinaren ikurrak'

Jon Kortazar EHUko irakaslea, historialaria eta Geopolitikaz taldeko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik hilabete igaro da dagoeneko. Egoera aurreikustea zaila izan dela azaldu du Kortazarrek. Baita, gatazka lehendik datorrela; 2014ko Estatu Kolpea. Orain "gerraren beste fase bat" hasi dela nabarmendu du Kortazarrek. Bien bitartean, egunotan NATO, G7 eta Europako Kontseiluak goi-bilerak egingo dituzte Zelenski Ukrainako presidentearekin (telematikoki); hau "berrikuntza" dela aipatu du.

Militarki, egoera "nahiko txarrean" ikusten du Zelenski, populazioa asko sufritzen ari dela dio, baina ez daukala oso argi "mendebaldetik gerra honen 'epeltze' bat nahi ote den". Ildo honetatik, gerraren luzatzeak zer-nolako interesei erantzuten dion azaldu ditu AEBri, Europari eta Errusiari dagokionean. Laburbilduz; munduko ordenaren ardatza aldatzen ari dela azaldu du; aurretik zetorren gauza dela. AEBk boterea galtzen ari du teknologikoki eta dolarizazioaren aldetik ere; "Txinarentzat gerra hau pagotxa da".

Bingen Zupiria: 'Ukrainako gerrak erakutsi digu nolako ahultasuna dugun energiaren ikuspegitik'

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da Hamaika Telebistan.

Ukrainako gerraren ondorioek nabarmen jaitsi dute aurreko aurreikuspenaren hazkunde-maila, eta langabezia tasaren aurreikuspenak ere aldatu dira. Bingenek adierazi duenez, inork ez daki oso ondo zein izango den datozen hilabeteetako eta urteetako egoera. Izan ere, 2020an pandemiari lotutako itxialdiaren eraginez "aberastasuna sortzeko gaitasuna" asko jaitsi zela azpimarratu du; eta 2021ean nahiz eta ekonomiak pauso bat egin zuen aurrera, ez zuela 2019ko egoera berreskuratu. Aurten, ordea, ekonomia % 6 igoko zela uste zela azaldu du eta 2019ko mailara iritsi ahalko ginatekeela. Hala ere, azpimarratu du Ukraina eta Errusiaren arteko gerrak eragin duen egoera ekonomikoak ogasun sailak datuak berrikustera eraman duela, "inork ez zuen halako egoera bat espero" esan du. Azpiazuk adierazi bezala, nahiz eta aurreikuspenak jaitsi, egongo den hazkundea "handia" izango dela gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako bozermaileak.

Unai Apaolaza: 'Burujabetzak praktikara eramaten laguntzeko aukera luzatu nahi dugu'

Unai Apaolaza Ehun mugimenduko kidea izan dugu Hamaika Telebistan.

Unaik azaldu bezala, egunerokoan eragiten diguten arazoetatik abiatuz, edozein ekintzen bitartez euskal errepublika baten beharra agerian uzten du Ehunek, “jendeari protagonista sentitzeko eta burujabetzak praktikara eramaten laguntzeko aukera luzatzen diogu”.

"Ehun anomalia politiko bat da” gehitu du, ez delako mugimendu desberdinak antolatzeko dituzten eskema klasikoetan sartzen, “gu ekintzen bitartez antolatzen gara” adierazi du.

'Gu prest gaude' manifestua zabaldu dute, eta “burujabetza praktikara eramateko” kanpaina baten berri eman dute. Horretarako izena emateko epea zabaldu dute, eta maiatzaren 14an jakinaraziko dute nortzuek egin duten bat egitasmoarekin eta ekintzen nondik norako eta xehetasunak.

Zigor Oleaga: 'Espetxeak bazterketa eta desberdinkeria betikotu eta sakontzen ditu'

Zigor Oleaga kazetaria eta 'Txori Urdinak' liburuaren idazlea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Santi Cobosek 25 urte eman ditu preso, horietariko asko isolamenduan eta bakartuta, FIES artxiboan sailkatuta. FIES 1a muturrekoa zela azpimarratu du Zigorrek, "lehen gradu barneko lehen gradu bat". Santi Cobosek berak esaten du beraiekin akabatzeko politika bat izan zela. Espainiako Estatuko FIES galerietatik bizirik irten ziren gutxienetako bat da Santi, bere lekukotasuna espetxe sistemaren salaketa ariketa bat da.

Igone Etxebarria: 'Nondik gatozen ulertzeko transmisiorako tresna da Atlas Etnografikoa'

Igone Etxebarria Labayru fundazioko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Labayru Fundazioak eta Etniker Euskalerriak Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren bertsio digitala sortu dute, XX. mendean zehar euskal herritarren bizitza eta kultura herrikoia izan denaren ikuspegi orokorra erakusten duena.

Igonek azaldu duenez, 40-50 urtetan egindako ikerketa da, Barandiaranek bere garaian proposatutakoa. Transmisiorako baliagarria, gaur egun nondik gatozen eta eguneroko hainbat gauza zergatik egiten diren edo zertan aldatu diren ulertzeko balio du.

Joseba Sanz: 'Ukrainara armak bidaliz gatazka elikatzea eta luzatzea lortuko dugu soilik'

Joseba Sanz 'Gerra hemen hasten da' dokumentalaren gidoilaria eta zuzendaria da, era berean, Ongi Etorri Eerrefuxiatuak elkarteko kidea ere bada.

Ukrainara armak bidaltzearen inguruan gatazka "elikatzea eta luzatzea" dela azpimarratu du Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka diplomaziaren bidez konpondu beharko litzatekela baina ez duela ematen hala gertatuko denik.

Bestalde, komunikabideetan, orokorrean, 'humanitarismoarekin' lotuta jendea konbentzitzeko 'marko beliko' bat sortu dela adierazi du, eta erabiltzen ari diren terminoak nahiko "aldagarriak" diela.

Horrez gain, azaldu du 'Gerra hemen hasten da' dokumentalean Euskal Herrian ekoizten diren armak eta horrekin egiten den negozioa salatu nahi zutela, Saudi Arabiara Euskal Herritik bidaltzen ziren arma kantitateak oso handiak zirelako tarteko.
hamaika telebista

11 laguntzaile

Image