Skip to main content

Agus Hernan: 'Presoen gradu progresioak eta baimenak mesedeak diren ideia deseraiki behar da'

Elkarrizketa

Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Auzitegi Nazionala, espetxeetako zaintza batzordeen iritzien aurka, presoen baimen nahiz hirugarren gradurako eskaerak "ia modu sistematikoan" atzera botatzen ari dela salatu du. Auzitegi Nazionala da presoen irteerak blokeatzen ari dena, espetxeetako zaintza batzordeen iritziaren aurka. Martxoaren 25era arte bildutako datuen arabera, 76 baimen ukatu dira, 34 pertsonari eragiten dietenak.

Legea, ordea, argia da. Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluak zehazten du presoen birgizarteratzea dela espetxe politikaren funtsa. Baina euskal presoei ez zaie birgizarteratzea onartzen, tartean bigarren graduan egonik irteera baimenak ukatzen zaizkie.

Gradu progresioetan aurrera egiteko baldintzetako bat da egindako minaren aitortza egitea; bide hori hartu dute hainbat euskal presok, baina Hernanek salatu du Audientzia Nazionaletik erantzun estandarizatuak jasotzen dituztela indibidualki eginiko idatzien aurrean. Ez hori bakarrik, baizik eta espetxeek gradu progresioaren harira hartutako erabakien aurka helegiteak "ia sistematikokI" jartzen dituela adierazi du.

ETAren jarduera armatuaren amaieratik hamar urtera, egoera "ulergaitza" dela deitoratu du Hernanek. EPPKko presoek hartutako erabakiei eusteko eskatu die, hasitako bidean aurrera jarraitzeko nahiz eta egoerak frustrazioa ekartzen duen.

Auzitegi Nazionalak euskal presoak birgizarteratzeko ibilbideak oztopatzen ari dela salatu du Hernanek, "izugarrizko tapoia" sortzen ari dela azaldu du. Dena den eta aurrerapausoen aurkako lobby bat dagoen arren, “poliki-poliki azaleratzen ari da legedia arrunta betetzearen aldeko kontsentsua.

“Bake prozesuan eraikitzeko prozesuan” garela azaldu du, eta bide horretan gizarte zibilaren funtzioa “argia” dela dio. Instituzioak eta alderdi politiko, sindikal eta eragile sozialek “kontsentsu minimo” batera heldu direla nabarmendu du. Biktimek “ahalduntze prozesua” bizi dutela eta euren ahotsa “pisua hartu” duela. Zentzu horretan, urrats garrantzitsu eta esanguratsuak ematen ari direla uste du. Biktimak, presoak eta memoria kritiko inklusiboan pixkanaka “egoera berriak kontsolidatzen” ari direla, alegia.

Hainbeste urte euskal presoei aplikatu zaien “salbuespenezko politika” eta gaur egun Audientzia Nazionalean gertatzen ari denara "ohituta" gaudela dio; eta badagoela pentsatzen duenik hirugarren gradua ez dela espetxean egotea; hala nola gradu progresioak "mesedeak" direla. Hernanek argi azaldu du espainiar Konstituzioak hitzartutako eskubideak direla gradu progresioak eta bestelako urratsak, eta ez inolako benefiziorik; “Hau da Euskal Herrian ere deseraiki beharreko ideia bat”, gehitu du.