Alconza Borrokan: 'Epaiketan itxaropena dugu, baina industria politikak falta dira'

Alconzako LAB sindikatuko enpresa batzordeko kidea den Urko Herrera eta Andoni Bilbao langilea elkarrizketatu ditugu Hamaika Telebistan.

Ia hiru hilabete igaro dira Berangon dagoen eta Irizar Taldearen jabetzakoa den Alconza enpresako hamarnaka langilek greba mugagabea hasi zutenetik, konpainiak otsailean iragarri zuen enplegu-erregulazioko espedientearen aurka protesta egiteko. Izan ere, 25 langile kaleratu zituen enpresak; eta etorkizuna kolokan ikusten dute gainerakoek.

Maiatzaren 24an izango da 25 kaleratuen epaiketa. Irabazteko esperantzaz agertu dira biak, izan ere, enpresak une honetan ez du ekoizpenik, gauzak horrela, enpresaren aldetik "erabakiak eta aurrerapausoak" espero dituzte. Azaldu dutenez, kaleratzeak egiteko argudio printzipala lantegiko etorkizunagatik zela esan zietela da, lantegiak aurrera egiteko kaleratuak izan behar zirela.

Bestalde, Irizarrek Alconza erosi zuenetik enpresak 8 urtez galerak izan dituela azaldu dute, “gure baldintza eta eskubideak galdu ditugu, ez da batere gardentasunik egon, etorkizuna latza da”. Egoera aldatzeko, kudeaketa aldatu beharra ikusten dute, “Irizarrek Alconza erosi aurretiko lantegira bueltatu nahi dugu, gure eskubide eta lan baldintzak berreskuratu”.

Era berean, Bizkaian politika industrialak falta direla salatu dute, eta mezua bidali diete erakundeei: "Industrialgintzan indarra jartzea eskatzen diegu, langileak zaindu ditzatela".

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image