Skip to main content

Aner Ansorena: "Alderdi politikoek ez dute itunik egin nahi EH Bildu erdian baldin badago, eta hori arazo bat da"

Elkarrizketa

Aner Ansorena aholkulari politikoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, eta maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzak zein uztailaren 23ko hauteskundeak izan ditu hizpide.

Bere esanetan, alderdi politikoek ez dute itunik egin nahi EH Bildu erdian baldin badago, eta dio hori “arazoa” dela: “Ez naiz marra gorriak jartzearen aldekoa”. Gehitu du Chivite “erosoago” egongo litzatekeela Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdiekin soilik egindako akordio batekin. Gehitu du Asironek “argi eta garbi” utzi duela EH Bilduk bi plano ezberdinetan ikusten dituela Nafarroa eta Iruñeko Udala, eta adierazi du Koldo Martinezek beste aukera bat jarri duela mahai gainean: “Ikusi beharko da ea EH Bilduk erosiko dion". Era berean, nabarmendu du alderdi popularrak “koherentziaz” jokatuko duela EH Bilduk gobernatu ez dezan bere bozkak ematen dituenean: “Hori nahi du bere hauteslegoak”.

Uztailaren 23ko hauteskundeak hizpide, Ansorenak azpimarratu du Pedro Sanchezek “ostikada” eman duela tableroan, eta baldintzak aldatu egin direla. Hori horrela, Ansorenaren iritziz, alderdi politikoen arteko negoziazioak ez dira hainbeste hauteskunde emaitzen klabeetan egingo, eta dio alderdiak modu batera edo bestera “baldintzatuta” egongo direla hauteskunde horiengandik. Era berean, dio ikusi beharko dela zer gertatzen den Podemos eta Sumarrekin.