Skip to main content

Argitxu Dufau, LAB: "Ez dugu amore emanen, prest gara mobilizatzeko erretreta erreforma kendu arte"

Elkarrizketa

Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Frantziako Gobernuaren erretreten erreforma izan dugu hizpide, eta Dufauk azaldu du ez dakitela zer gertatuko den erretreten erreformarekin, bi aukera daudelako: “Lehen da bozketara joaitea, eta ez dakigu onartua izanen den edo ez, maioritate txikia duelako Macronek. Bigarren aukera da 49.3 artikulua aplikatzea indarrean pasatzeko lege hori”.

Dufauren esanetan, Macronek 10 bat aldiz erabili du artikulu hori, eta horrek esan nahi du bozketarik gabe martxan jar dezakeela erreforma berri hori. Horren aurrean, Dufauk salatu du Frantziako Estatuan badela “krisi demokratikoa”, eta baita Frantziako Estatuko “instituzioen krisi” bat ere: “Nork du zilegitasuna horrelako erretreta sistema bat berrikusteko? Maconek badu zilegitasuna?”

LAB sindikatuko kideak azpimarratu du borrokan jarraituko dutela, eta ez dutela amore emanen bozketa eta gero: “Prest gara mobilizatzeko erretreta erreforma kendu arte; mobilizazio zikloa ez da bukatuko bozketa honekin”.
Dufauk salatu du horrelako erreformek langileak “kondenatzen” dituztela “lanean hiltzeko”, eta gehitu du erreforma “antifeminista” dela: “Pentsio oso bat kobratzeko emakume langileok ditugun karrerekin eta lan kontratu ttipiekin askoz gehiago lan egin beharko dugu". Zentzu horretan, azaldu du Frantziako zein Espainiako estatuetan badela “helburu ideologiko” bat, eta hori dela langileek “lan gehiago egitearena eta pribatizatzearena”. Horrez gain, azpimarratu du erreforma honekin 42 urte kotizatu beharko direla erretreta osoki kobratzeko: “Nahiz eta 64 urtera iritsi, langile guztiek ezingo dute pentsio duina izan”.

Hala ere, Dufauk herritarren eta langileen erantzuna goraipatu du: “Badira hamarkadak horrelako mugimendu bat ez zela Frantzian eta Ipar Euskal Herrian; bada haserre bat karrikan, eta haserre hori bihurtzen da indar bat. Horrelako mugimendu batek frogatzen du badela klase ikuspuntu bat borrokatzeko, antolatzeko eta blokatzeko".