Skip to main content

Arnaldo Otegi: "Euskaldunok Estaturik gabe, zailagoa dugu gure herritarrak babesteko neurriak hartzea"

Elkarrizketa

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Agintari politikoek pandemia hau kudeatzeko hartu dituzte neurriak kritikatu ditu, eta adierazi du "berandu" hartu direla neurriak. Deseskalada egiteko neurriak, berriz, "oso azkar" hartu direla salatu du, eta horrek "egoera larri" hau eragin duela.

Otegik beharrezkotzat jo du pandemia gelditzeko neurriak hartzea, baina salatu du ezin dutela "bakarrik" etorri. "Zer egin dugu osasungintzarekin? Zenbat diru inbertitu dugu arakatzaileetan? Zein neurri hartuko ditugu termino ekonomiko eta sozialetan?", galdetu du. Zentzu horretan, salatu du agintari publikoek hartutako neurriek "memoria ekonomikoa" behar dutela. 

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du pandemia honetan argi gelditu dela neurriak hartzeko Madrili baimena eskatu behar zaiola, eta zentzu horretan, euskal herritarren "baldintza materialak hobetzeko" beharrezkotzat jo du Estatua sortzea: "Euskaldunok ez baldin badaukagu Estaturik, zailagoa dugu gure herritarrak babesteko neurriak hartzea". Zentzu horretan, nabarmendu du ezker independentistaren erronka dela "Estatua herritarren beharrekin lotzea". 

Hala ere, ohartarazi du identitate nazionalarekiko atxikimendua ahultzen ari dela, eta horri buelta emateko garrantzia nabarmendu du: "Baldintza materialari garrantzia handia eman behar zaio, baina sen nazionala ere indartu egin behar da". Era berean, ezker independentistak "berreskurapenaren estrategia" planteatu behar duela adierazi du. Telebista publikoari edota Ertzaintza adibidetzat jota, nabarmendu du euskal herritarrek pentsatu behar dutela zertarako sortu ziren tresna horiek, eta helburu horietara bueltatu behar dela. 

EAJrekin akordioak lortzeko ezintasunaz galdetuta, nabarmendu du akordioak egiten dituztela Nafarroan, Madrilen edota udaletan. Zentzu horretan, nabarmendu du EAJk ez duela akordiorik egin nahi beraiekin.  

Euskal presoen azken gerturatzeak izan ditu hizpide EH Bilduko koordintzaile nagusiak, eta azpimarratu du ibilbide horri batek mahai gainean egon behar duela Euskal Herrian preso politikorik egon ez dadin. Azken egunetako mugimenduek "beste sentsibilitate" bat erakustela dutela nabarmendu du, baina "zuhurtziaz" jokatuko duela azpimarratu du.