Skip to main content

Asier Blas:"Gonzalezen atxiloaldian EBko Oinarrizko Karta urratu da gutxienez 18 artikulutan"

Elkarrizketa

Asier Blas zientzia politiketan doktorea eta EHUko irakaslea elkarrizketatu dugu Gurean Gaur magazinean. Azpimarratu du Pablo Gonzalez kazetariak urtebete egin duela preso Polonian, eta nabarmendu du denbora tarte hori “ia isolatuta” daramala. Hori horrela, salatu du Pablo Gonzalezen atxiloaldian Europar Batasuneko Oinarrizko Karta “urratu” egin dela gutxienez 18 artikulutan, eta kazetaria erabili dutela “adierazpen askatasuna mugatzeko eta kazetariek autozentsura aplika dezaten bultzatzeko".

Blasek azpimarratu du Ukraniako Gerra “programatutako” gerra bat zela, eta hori zuzenki lotu du NATOren azken urteetako hainbat jarrerarekin: “Ukrania ez da NATOko kide, baina bertan dago 2014tik: ejertzitoa armatzen, aholkularitza lanak egiten..." Horrez gain, azpimarratu du Ukraniak ez dituela Minskeko bake akordioak bete, eta azken zazpi urte hauek erabili dituela gerra honetarako prestatzeko.

Hori horrela, Blasek azpimarratu du gerra hau Errusiaren eta AEBeren artekoa dela, “Ukraniaren bitartez delegatutako gerra bat". Zentzu horretan, azpimarratu du AEBek eta ardatz anglosaxoiak gerra hori “luzatzeko interesa” dutela.

Blasek nabarmendu du ukraniarren eta errusiarren ondoren, Europa dela gerra honen “galtzaile nagusia”, eta azpimarratu du Europako ekonomia “gaixo” dagoela: “AEBek eta G7ak Errusiaren kontra hasitako gerra ekonomikoak Europa kaltetu du batez ere". Errusiari dagokionez, azpimarratu du une honetan Errusia dela galtzaile; hala ere, azaldu du “dimentsio militarrean Errusia galtzaile dela bere espektatibekin alderatuta”. Mendebaldearen helburuei begiratuta, aldiz, Blasek dio Errusiako ekonomia ez dela hainbeste hondoratu.

Blasek nabarmendu du Txinaren “bake proposamena” ez dela “bideragarria”, eta ez duela ibilbide handirik izango.