Skip to main content

Bingen Zupiria: 'Iazko egoera ikusita, euskararen berpizte momentu batean gaude orain'

Elkarrizketa

Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, izan dugu gaurkoan "Gurean Gaur" Magazineko gonbidatu nagusia.

Gaur goizean, "Betikoa, Gertukoa. Euskaraz eskatu, Euskaraz eskaini" kanpainia abiatu du Eusko Jaurlaritzak EAEko 60 udal baino gehiagorekin eta merkatari elkarteekin. Zupiriak azaldu bezala, lehen hitza euskaraz egitea da helburua, bai edozein dendatara edo tabernetara sartzerakoan.

Bestalde, Euskararen 2021-204 agenda estrategikoaz ere jardun da: "Legegintzaldi honetarako 4 helburu nagusi finkatu ditugu: Hizkuntzaren ezagutza zabaltzea, erabilera sustatzea, euskara bizirik dagoen beste lurraldeetako erakundeekin harremana sendotzea eta hizkuntza eskubideak bermatzea". Horrez gain, euskaltegi pribatuekin "ahalegin handia" egingo dutela azpimarratu du, bertan lan egiten duten irakasleen lan baldintzak hobetzeko eta euskara ikasteko dauden baldintzak errazteko.

Beste gai batzuei helduta, gaur, 22. Korrikaren aurkezpena egin da Donostian. Izan ere, martxoaren 31n abiatuko da Korrika Amurriotik eta apirilaren 10ean iritsiko da Donostiara 'Hitzekin' leloa buru. "Iazko egoera ikusita, berpizte momentu batean gaude orain. Hizkuntzaren ikuspegitik, Korrika, hein batean, bada berpizte horren elementu bat" azaldu du.

Durangoko Azokaz aldiz, "presentziala izan dadin, segurua izateko zein modutan egin dezakegun pentsatu behar dugu" azpimarratu du.

Bukatzeko, aurrekontuen eta larrialdi klimatikoaren inguruan hitz egiteko tartea ere izan da.