Skip to main content

Eraitz Saez, EH Bildu: "Langileen aldarriak defendatuko ditugu dagokigun instituzioetan"

Elkarrizketa

Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Osasungintzako langileen protestak izan ditu hizpide legebiltzarkideak, eta “babesa” adierazi die langile horiei. Horrez gain, azpimarratu du gehiengo sindikalaren eta langileen aldarriak “defendatuko” dituztela instituzioetan, eta nabarmendu du Osakidetzak gobernantza eredu “horizontalagoa” izatea eta “langileak entzutea” ezinbestekoa dela.

 

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteen emantzipazio tasa estatuko baxuenetako dela azpimarratu du, eta nabarmendu du “soldataren %80a” bideratu behar izaten dutela alokairua ordaintzera. Era berean, salatu du Jaurlaritzak “uko” egiten diela etxebizitzaren arazoa konpontzeko proposatzen dituzten neurriei, eta gazteei “beren bizitzen gainean erabakitzeko gaitasunari oztopoak” jartzen dizkiela. Zentzu horretan, emantzipaziorako “estrategia integrala” behar dela dio, eta ezinbestekotzat jo ditu honako neurriak hartzea: alokairuen prezioak mugatzea, parke publikoa handitzea, eta 1.400 euroko gutxieneko soldata. Hori horrela, salatu du Eusko Jaurlaritzarentzat ez dela “lehentasuna” izan “gizarte sistema egoki bat planteatzea”.

 

Memoria Demokratikoaren Legea ez dagoela itxita dio, eta negoziazioa irekita dagoela gaineratu du. Hala ere, nabarmendu du lege horrek “berme politikoak” jarri behar dituela “1. eta 2. mailako biktimak” egon ez daitezen. Horrez gain, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunaren biharamunean, azpimarratu du instituzio publikoek neurriak hartu behar dituztela tortura ikertzeko, eta errepikatuko ez dela bermatzeko.