Skip to main content

Gaizka Zabarte: "Agintariek sekulako klasismoa erakutsi zuten hondamendia gertatutakoan"

Elkarrizketa

Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformako kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Bere esanetan, “aldarrikapen eguna” izan zen otsailaren 5a, hiru urte bete baitziren Zaldibarko luiziaren hondamendia gertatu zenetik: “Langileak eta hondamendia bere osotasunean gogoratzeko eguna izan zen”.

Zabartek salatu du “bi arduradun nagusi dituela” hondamendi hark: “Enpresa eta Eusko Jaurlaritza; kontrolak egitea instituzio publikoei dagokie, eta ez dute egin behar den bezala. Ardurak hor daude eta arduren katea oso luzea da”. Zentzu horretan, azpimarratu du Eusko Jaurlaritza ez zela enpresaren egoitzara ere joan bertan egon zitekeen informazioa begiratzera.

Zabarteren iritziz, Zaldibarko luizia gertatu zen egun haietan bizi izan zutena “pandemiaren luzera” bat izan zen, hondamendiak eragindako kutsadurari aurre egiteko hartu ziren hainbat neurri medio: leihoak ixteko agindua, maskarak erabiltzekoa, etab. Horrez gain, Zabartek salatu du agintariek “klasismoa” erakutsi zutela hondamendia gertatutakoan, eta horren adibidetzat jo du Josu Erkorekak mendian ateratako argazki bat sare sozialetara igo izana hondamendia gertatu eta 40 ordura: “Berdina egingo al luke Iberdrolako dorrean berdina gertatuko balitz?”.

Plataformako kideak nabarmendu du “kontrastatutako informazioa” herritarren eskura jartzen saiatu direla urte hauetan guztietan, “beste inork egiten ez zuelako”. Era berean, Justiziaren jarrera ere salatu du: “Auzi honetan berriro ikusi dugu Justiziak zelan jokatzen duen eta aberatsei zein mezu helarazi zaien: zuhurtzia-gabekeriazko hilketak gauzatzen badituzue, lasai egon zaitezkete, zigor txikiak jasoko dituzuelako”.

Eusko Jaurlaritzako hiru ingurumen teknikarik ikertu gisa deklaratu beharko dute apirilak 20an, eta Zabartek azpimarratu du “hiru eta bi hilabete behar izan direla Eusko Jaurlaritzako norbait epaitegietatik pasatzeko”, eta horien “inpunitatea” salatu du: “Sailburuak esan dezake ez dakiela teknikariek zer egiten zuten? Jakinaren gainean baldin bazegoen gaizki, eta ez baldin bazeuden are okerrago; horrek erakusten du agintariak ez daudela gaituta, edo beren burua desgaitu dutela erakunde publikoetan herritarren ordezkari izateko”.