Image

Goiatz Urkijo: 'Aurtengo Euskaraldia masiboa eta ikusgarria izatea nahiko genuke'

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Aurtengo Euskaraldia azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da ‘Hitzez ekiteko garaia’ lelopean, eta Urkijok nabarmendu du “kalea berreskuratu eta Euskaraldia ikusgarri” egin nahi dutela: “Kalean egon nahi dugu”.

Aurtengo leloari erreferentzia eginez, nabarmendu du “hitzaren eta ekintzaren urtea” izango dela, Korrikaren leloari berari ere erreferentzia eginez. Horrez gain, azpimarratu du jarraituko dutela belarriprest eta ahobizi rolen inguruko pedagogia egiten: “Belarriprest eta ahobizi rolak gaitasunekin lotzen dira askotan, eta portaerekin lotu beharko genituzke".

Urkijok adierazi du martxan direla dagoeneko herrietako batzordeak, eta, hain zuzen, azpimarratu du horiek direla ekimenaren “motorra”: “Milaka bolondres ari dira ekimena herrietan antolatzen”.

Era berean, Euskaraldiako koordinatzaileak azpimarratu du ekimen horren helburua izango dela estres linguistikoa “alde batera uztea gutxienez 15 egun horietan”. Hori horrela, Urkijok nabarmendu du txapek zein ariguneen identifikagarriek “babesgunea” sortzen dutela. Nolanahi ere, Urkijok dio hizkuntza ohiturak aldatzea ez dela erraza, eta zentzu horretan, prestakuntzan jarri dute fokua: “Norbanakoei eta entitateei prestakuntza eskainiko diegu, eta besteak beste, Euskalahalduntze eskolak jarriko ditugu martxan Tolosan, Donostian, Getxon eta Errenterian”. Uste du prestakuntza hori izango dela erronka, “benetan ariketa eroso egin ahal izateko, horrek bide asko irekitzen dituelako”.

Parte-hartzeari dagokionez, Urkijok adierazi du aurreko edizioetan parte hartu dutenek beren parte hartzea berretsi besterik ez dutela egin beharko Euskaraldiaren webgunean. Lehen aldiz izena eman nahi dutenek ere formulario bidez eman dezakete izena dagoeneko webgunean.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image