Skip to main content

Idoia Mendia: "ELA eta LAB elkarrizketa sozialaren mahaian parte hartzera gonbidatzen ditut"

Elkarrizketa

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta enplegu sailburua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. COVID19ak eragindako pandemiaren erradiografiaz galdetu diogu, eta egoera oraindik ere "kezkagarria" dela dio. EAEko auzitegi nagusiak berme juridikoa ematen diela dio, eta adierazi du Urkullu bihar bilduko dela LABIrekin: "Horren ondoren publikatuko du bere dekretua". Maiatza eta ekaina oso hilabete garrantzitsuak izango direla dio, baina nabarmendu du oraindik ere "esfortzua" egin behar dela, eta herritarrei neurriak hartzen jarraitzeko eskatu die. Nabarmendu du "konfiantza" duela hemengo auzitegiengan.

PSE-EEren eta EAJren arteko harremanez galdetuta, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren barruan "posizio bakarra" egon dela, "kezkarena". Era berean, nabarmendu du Espainiako Gobernuaren jarrera "ulertu" behar dela, espainiar Estatuko erkidegoen egoera "oso ezberdina" delako.

Europako funtsak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du Europak ez duela presik funts horien hartzeko erabakiak hartzeko: "Guk, aldiz, bai". Zentzu horretan, "proiektu eraldatzaileak" martxan jartzeko funts horiek oso garrantzitsuak direla dio. Era berean, langabezia datuak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du datuak "onak" direla beste erkidegoekin konparatuta; hala re, zuhurtziaz jokatu behar dela adierazi du.

Baikortasunez ikusten du etorkizuna: "Pandemiari aurre egiten badiogu, hazkunde ekonomikoa izango dugu epe laburrean". Era berean, adierazi du legegintzaldiko helburua dela langabezia-tasa %10etik jaixtea. Horretarako, proiektu eta programa berriak martxan jarri behar direla dio, sektore horietatik ateratzen diren langileak "berkokatzeko"; izan ere oso garrantzitsutzat jo du "talentua ez galtzea, eta gazteak atzerrira ez joatea." Zentzu horretan, enplegu sailetik martxan jarritako diru laguntzez gain, nabarmendu du Gobernuaren barruan "plan berezi" bat lantzen ari direla gazteen enpleguarentzako. Horrez gain, enpresarien "beharrak" entzuten ari direla dio, "formakuntza ona" eta "behar" diren lanpostuak uztartzeko.

Zentzu horretan, elkarrizketa sozialeko mahaia oso garrantzitsua dela dio, "bertan hartzen direlako erabakiak". Hori dela eta, ELAri eta LABi bertan parte hartzeko eskua luzatu die: "Badakit ezberdintasunak ditugula, baina beti esan diet elkarrizketa sozialeko baldintzak eta ezaugarriak ez ditugula guk ipintzen, nazioarteko erakundeek baizik". 

Madrilgo Erkidegoko hauteskundeen emaitzak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du aztertzea eta ondorioak ateratzea dagokiela. Hala ere, nabarmendu du datu horiek ezin direla Espainiako Estatura zein EAEra extrapolatu. Era berean, sendo ikusten du Espainiako Gobernua, eta ziur da legegintzaldia amaituko dutela: "Badago proiektua, badago denbora, eta aurrekontuak ditugu; hori da garrantzitsuena".

Azkenik, estatus berriari buruzko eztabaidaz hitz egin dugu, eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana "oso zintzoa" dela, eta ziurtzat jo du akordioak etorriko direla estatutua betetzeko.