Skip to main content

Igor Astibia: 'Ezinbestekoa da laguntzen funtsa handitzea, euskal hedabideen garapena eta hedatzea bermatzeko'

Elkarrizketa

Igor Astibia Hekimeneko koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideetara bideratzen dituen bi deialdiak izan ditu hizpide; horietako bat duela urte askotatik martxan dagoena da, eta bestea pandemiaren ondorioei aurre egiten laguntzeko banatutako sei milioi euroko partida. Astibiak adierazi du sei milioi euro horiek “era desorekatuan eta desegokian” banatu direla, euskarazko hedabideek sei milioi horietatik milioi erdi soilik jaso dutelako.

Beste deialdiari dagokionez, dio euskarazko hedabideei bideratutako urteroko deialdia hiru urterako deialdi bihurtzeko akordioa lortu zutela 2019. urtean, “euskarazko hedabideen egonkortasuna” bermatzeko. Horretarako, hedabide bakoitzaren kostu estandarrak kalkulatu zituzten, hedabide batek bere eguneroko funtzionamendurako beharko lukeen dirua, alegia. Adierazi du, baina, sistema hori baliatu dela orain, baina “paradoxa” batzuk gertatu direla: izan ere, azaldu du proiektu berriak aurkezten badira, eta beren ekoizpenak handitzen badira, beste hedabideei eragiten diela diruaren banaketa horrek: “Deialdi horretan, multzoka egiten da diruaren banaketa: badaude aldizkariak, telebistak, irratiak, digital hutsak direnak.. Multzo batera egitasmo berri bat aurkezten bada, baina poltsa handitzen ez bada, hedabide guztien banatzen da dirua”. Zentzu horretan, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzari eskatu diotela poltsa hori “era esanguratsuan” handitzeko. Izan ere, dio kostu estandarren azterketa “zaharkitua” gelditu dela, 2018-2019ko datuekin egin zelako.

Horrez gain, gaineratu du 2019an Eusko Jaurlaritzarekin adostu zutela Administrazioak estali behar zuela hedabide bakoitzaren gastuaren %35a, baina salatu du urte horretan iada ez zela bete akordio hori, eta azken urteetan, handitu egin direla gastu horiek: erregaia, papera, argia… Hori horrela, azaldu du nahiz eta diru kopuru horrek %5eko igoera izan duen, hedabideen “benetako beharretatik” oso urrun daudela.

Hori horrela, Astibiak azpimarratu du euskarazko komunikabideek beste irismen bat izango badute, Administrazioak zaindu eta sustatu egin behar dituela. Izan ere, dio, euskarazko hedabideak “biziraupen ekonomiara ohitu” direla, eta nabarmendu du, gaur egun, “eustearekin” ez dela nahikoa: ”Garai berrietara egokitu behar dugu, eta horretarako, baliabideak behar ditugu”.