Skip to main content

Ikoitz Arrese, EH Bildu: 'Gurera ekarri beharko genuke Eskozian gertatutakoa'

Elkarrizketa

Ikoitz Arrese EH Bilduko hezkuntza idazkaria eta legebiltzarkidea izan dugu Hamaika Telebistan.

Eskoziako lehen ministroak independentziaren eztabaida agenda politikoaren erdigunera ekarri du eta "legezkoa" behar duen erreferenduma Londresen baimenik gabe ere egiteko prest agertu da. Gurera etorrita, Eskozian gertatutako "begi onez eta inbidiaz" begiratzen dutela azaldu du Ikoitzek. Burujabetzaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika eta borondate guzti hori gurera ekarri beharko genukeela esan du, "espero dugu gurean ere horrelako adierazpenak entzutea gure mandatarien ahotik".

Bestalde, gaur izaten ari da Ertzaintzak Bilbon eta Gasteizen atxilotu eta identifikatu zituen Ernaiko zazpi kideren aurkako epaiketa. Ernaiko 7 gazteen kontra gertatutakoa "deskalabru bat" dela azalarazi du, hanka ez bururik ez duena. Euren babes eta elkartasun osoa adierazi die, mugitzen den eta bere eskubideen alde egiten duen gazteria kriminalizatu nahi duen sektore bat hor dela argi utziz.

Horrez gain, Hezkuntza Akordioaren Jarraipen Batzordean bildu ziren lehen aldiz astelehenean, ekainak 13. Lehenengo bilera positiboa izan dela azaldu du Arresek, "akordioa bizirik jarraitzen duela esan genezake, borondatea dugu hezkuntza akordio bururaino eramateko".