Skip to main content

Itxaso Atutxa: 'Ziurrenik legez kanpo egindako entzuketak oso larriak dira'

Elkarrizketa

Itxaso Atutxa EAJren BBBren presidentea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Pegasus auziari buruz galdetuta, Atutxak dio “Espainiako Gobernuan daudenen jarrera zein den” argi uzten duela auziak; Sekretu Ofizialen Legean “beti arazo berbera” dagoela adierazi du. “Oso larritzat” jo du “ziurrenik legez kanpo” alderdi politikoei entzuketak egin izana: “Oraindik ez dakigu nork eskatu zituen entzuketak, eta nork duen erantzukizun politikoa eta nola arrazoitu ziren erabaki horiek”.

CNIk aitortu du 18 ordezkari politiko zelatatu dituela baimen judizialarekin eta horrek CNIren zuzendariaren kargugabetzea ekarri du; Atutxak galdetzen du ea nork egin zituen beste zelatatzeak baimen judizialik ez badute izan; eta CNIren kanpoko beste estamentu batzuk seinalatu ditu, hala nola Guardia Zibila.
Ministro berberaren menpe daudela gogorarazi du Atutxak. Ikerketa baten beharra nabarmendu du jeltzaleak, eta “demokrazia kolokan dagoenean”, dio, “ezin daiteke gauza bera izan boterean PP edo PSOE egotea”.

Honezkero, Gobernu koalizioaren barruko harremanak ukituta daude. Atutxak dio konfiantza arazoa ez dela soilik sortu Pegasus auziarengatik, hainbat gai aipatu ditu; transferentzietan epeak atzeratu direlako, Europako Funtsen banaketa… Atutxaren ustez, “Sanchezen legealdia arrisku bizian dago momentu honetan”. EAJ bere alde egiteko “prest” dagoela azaldu du sinatutako akordioak betetze aldera, baina “ez musutruk”. “Oraindik Sanchezek ez du onartu ez duela gehiengo nahikorik”, lortutako gutxieneko babesak zaindu behar dituela ohartarazi du.

Gernikako bonbardaketaren harira PSOEk emandako “pauso garrantzitsuak” goraipatu ditu Atutxak eta “benetako borondatea” ikusi du haren jarreran. Barkamen eskaerari buruz, Atutxak argi utzi du “ez diogu Alderdi Sozialistari eskatzen Estatuaren izenean barkamena eskatzea”, baizik eta Estatuek hartzen dutela “ardura eta erantzukizuna”.

Aurreko egunean Joseba Egibar GBBko presidenteak EH Bilduri buruz esandakoak berretsi ditu Atutxak. Moldaketa prozesu batean ari direla dio, “nik ez dut proiekturik edo mamirik ikusten” ez udal mailan, ezta maila nazionalean ere. Hori dela eta, “proiektua finkatuta ez dutenez, zaila da EH Bildurekin lan egitea”, azaldu du Atutxak. Udal eta foru hauteskundeei begira egon daitezkeen balizko kidetzei buruz galdetuta, EAJ “dagoen tokietatik atera” eta beste batzuekin batera “EAJren ordezko izatea” da EH Bilduren helburua bere iritziz.

Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren lege proiektuak aurrera ateratzeko bidean, Atutxak argi du: “Gizarteak ez du zaratarik nahi, akordioak baizik” eta bide horretan daudela nabarmendu du. Autogobernuaz galdetuta, Espainia mailan zein etxean “bake apur bat” beharrezkoa dela iritzi du. Legebiltzarrean ematen ari den “lanerako jarrera bateratua” mantendu dadila “eskertzekoa” izango litzatekeela gaineratu du.