Skip to main content

Itziar Cortes: 'Enpresen digitalizaziorako asko laguntzen du adimen artifizialak'

Elkarrizketa

Itziar Cortes Elhuyar-eko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko Koordinatzailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan.

Adimen artifiziala izan da elkarrizketaren ardatza, gizakiaren eta teknologiaren arteko adiskidetasuna eta elkar elikatzea. Enpresentzat, orokorrean, edozein prozesu digitalizatzeko adimen artifizialak asko laguntzen duela azaldu du Itziarrek, "industrian oso garrantzitsua da pertsona eta makinen arteko elkarrekintzan nolabaiteko optimizazio bat bilatzea, langileek ahalik eta erosoen lan egiteko".

Elhuyarrek hizkuntzan aplikatutako adimen artifiziala ikertzen du, eta horrekin lotutako proiektuak eta zerbitzuak eskaini. Datu multzo batzuetatik abiatuta patroiak ikasten saiatzen diela esan du Itziarrek. Gaur egun erabiltzen diren teknikak sare neuronaletan oinarritzen dira, adibide masa handi bat behar izaten da hortik ikasteko.

Elhuyarren helburuetako bat esparru digitalean euskara presente egotea da, eta horretarako hizkuntza teknologiak berebizikoak direla azpimarratu du. Esaterako, Cortesek adierazi duenez, orain dela bi urte hilabetean 20 milioi hitz itzultzen zituen Elia Elhuyarren itzultzaile automatikoak, orain 40 milioi baino gehiago, ematen duen kalitatearekin gero eta ezagunagoa da.